Javier Solanak San Telmon eman behar duen hitzaldia dela eta, protesta egitera deitu dute
'Gerrari ez! Solana kanpora!' lelopean kontzentrazioa egingo dute Zuloaga plazan, 17:00etan.
Europar elkarrizketen zazpigarren saiora. Europa eta mundu mailako geopolitika hitzaldia emango du gaur 17:30ean San Telmo Museoan.
Solanaren bisitak polemika piztu du, eta Komite Internazionalistek Gerrari ez! Solana Kanpora! lelopean protesta egitera deitu dute gaur 17:00etan, Zuloaga plazan: “Donostia 2016k eta Globernance-ek gonbidatu duten Javier Solana, Euskal Herritik kanporatzea eskatzen dugu. Politikari hau 1995-1999 bitartean NATOko Idazkari Orokora ohia izan zen. Bere garaian NATOri ez esateko 50 arrazoi izeneko manifestua idatzi zuena, NATOko idazkari Orokorra bihurtu zen. Nahikoa ez balitz, bera izan zen ere Mister PSEC ospetsua, hau da, Europar Batasunako Kanpo Politika eta Segurtasun Bateratuaren arduraduna eta EUFOR (Europako Indar Armatuen) Komandantea, 1999-2009ra. Bi hitzetan esanda, hamabost urtez NATO eta Europar Batasunaren operazio militarren arduradun politikoa da Solana, milaka eta milaka heriotzen eta milioika lagun miseriaren arduradun nagusiena. Horregatik diogu Solana kanpora”, adierazi dute.
Egun, Solana ESADEko Ekonomia eta Geopolitika Zentroko Presidentea da. “Europak etengabe aldatzen doan mundu aldakor honetan joka dezakeen paperaren inguruan” hitz egingo du. Horien artean, emigrazioaren krisia, Asia eta Amerikako Estatu Batuekiko harreman diplomatikoak eta Estatu Islamiarraren eragina jorratuko ditu.
Juanjo Alvarez Globernance-ko idazkariak gutun bat argitaratu du gaur Berria-n – Javier Solana Donostian: eztabaida eta adierazpen askatasuna-, eta protestan parte hartuko duten herritarrak eztabaidan parte hartzera gonbidatu ditu: “Nahi izanez gero, bertaratu daitezela, parte har dezatela, euren iritziak adieraz ditzatela eta entzule guztiei euren ikuspegi kritikoa eta gizarte eredua azal diezaietela. Ez da ongi geratzeko itxurakeria. Arratsaldeko saioaren moderatzaile gisa egiten dudan keinu zintzoa da”.
Joan den ekainean Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakari ohia gonbidatu zuten Europar elkarrizketen beste saio batera, eta orduan ere protesta egin zuten San Telmo Museoaren kanpoaldean.
Donostia 2016 eta Globernance Institutuak Javier Solana NATOko idazkari orokor ohia gonbidatu dute