Tabakalerako zinema aretoan proiekzioak egongo dira asteazkenetik igandera
Sarrera orokorra 3,5 eurokoa izango da, eta emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan izango dira.
Tabakalerako zinema aretoko ohiko programazioan abian jarriko da gaur. Proiekzioak astero izango dira, asteazkenetik igandera. Askotariko publikoak izango ditu jomugan Tabakalerako eskaintzak, baina zine garaikidean, eta zirkuito komertzialetara iristen ez den horretan izango du ardatza nagusiki. Sarrera orokorra 3,5 eurokoa izango da eta emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, kasu batzuetan gaztelaniazko eta beste batzuetan euskarazko azpidatziekin.
Andres Di Tella zinegile argentinarrari eskainitako zikloa emango dute estreinako programan. Di Tella Ameriketako dokumentalgile nabarmenenetako bat da. Bere azken lana, 327 cuadernos, Donostia Zinemaldian aurkeztu berri du, Zabaltegi sailean. Urrian zehar, ostegunetan, zine aretoan eskainiko da bere lanen hautaketa bat. Lehen saioan, aurkezpen gisa, Di Tellak berak hitzaldi bat eskainiko du gaur (urriak 1), El otro, el mismo: la intimidad en el documental izenburupean, eta zikloarekin amaitzeko, gutun zuria eskaini zaio Di Tellari berari, berak hautatutako film bat proposatzeko eta kasu honetan, Jaime Chavarriren El desencanto izan da hautatua.
Jonas Trueba zinemagileak bere azken lana, Los exiliados romanticos, aurkeztuko du ostiralean, urriaren 2an.
Aro Atomikoa izeneko zikloan 19 film eskainiko dira orotara. Zikloaren asmoa, haurtzaroak, nerabezaroak eta gaztaroak zineman izan duten iruditeriaren errepaso bat egiteada, ikuspegi zabal batetik: film garaikideetatik hasi eta klasikoetara, fikziotik dokumentalera, nazioarteko ikus-entzunezkoaren azken joera formalen zaleentzat eta euren burua lehen aldiz pantailan aurkituko dutenentzat. Saio hauek igande arratsaldeetan izango dira.
Nazioarteko zinema jaialdiak, kritikariak, artistak eta programatzaileak ere gonbidatuko ditu Tabakalerak. Eurentzat erreferentziazkoak diren beste lantalde batzuk nola lan egiten duten eta programatzen duten jakin nahi dute, eta eurekin loturak eta
elkarrizketak eraiki. Oskar Alegria, Iruñeko Punto de Vista jaialdiko zuzendaria izango dute lehen gonbidatu gisa, baita Ikusmira Berriak-eko egonaldietan parte hartzen ari diren sortzaileak edo Camira -Cinema and Moving Image Research Assembly-ko ordezkari bat.
Igande goizetan, hilean behin, emanaldi bereziak egingo dituzte: familientzat zinema, zine-vermuta, brunch-zinema, publiko mota guztientzako saioak, zinearen lehen pausoak, zine-musikal saioak… Igande honetan, urriaren 4an, egingo dute lehena, Zoo izenburupean. Animaliak protagonista dituzten animaziozko nahiz irudi errealeko lanak eskainiko batira: lepaluzeak, zebrak, katuak, tximeletak… Zoo bat pantailan.
Eta Tabakalerako programazio lerroez gain, urrian Tabakaleran estrainekoz emango da Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin ekoizten duten Nosferatu programa. Aurten, Krzysztof Kiesslowski-ri eskainiko zaio zikloa.