Alos Quartet laukoteak bere hirugarren diskoa kaleratu du
Groseko Francisco Herrerok biolina jotzen du taldean, eta ezin harroago agertu da 'Garden' lanarekin.
Alos Quartet laukoteak: Garden. Harizko instrumentuek osatzen dute taldea, eta biolina jotzeaz arduratzen da Groseko Francisco Herrero: “Talde honetan parte hartzeagatik oso pozik nago, Xabik sekulako gaitasuna du abestiak sortzeko, nik ez dudana”. Gainontzeko taldekideak honakoak dira: Xabier Zeberio (Nyckelharpa, biolina, kalimba, kontrabaxua), Lorena Nuñez (biola), eta Pello Ramirez (biolontxeloa). Dagoeneko hamasei urte dira taldea sortu zutenetik, eta heldutasunera iritsi direla ziurtatu du Zeberiok: “Laukoteak lortu ditu berezko ezaugarriak eta heldutasuna. Lau instrumentu lotzen ditugu ia akustikoan, eta oso garrantzitsua da elkar ulertzea”.
Zehazki, Aukeran dantza taldearen Geltokia ikuskizunerako sortu zituzten diskoko zazpi abesti, eta beste sei sorkuntza berrirekin osatu dute lana. Aurreko diskoetatik badu desberdintasun bat Gardenek, abestietako bik ahotsa dutela. Hain zuzen ere, Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak Bidaiari ekina abestian kantatu du, Arkaitz Canok idatzitako hitzekin; eta Portugaleko Silvia Iriondok, Vuelve abestiari jarri dio ahotsa. “Hainbat kantu sotilek eta beste indartsuago batzuk osatzen dute diskoa”, argitu du Zeberiok.
Syntorama disketxearekin kaleratu du lana Alos Quartetek, eta aurkeztu berri duen arren, dagoeneko bi zuzeneko emanaldi lotuak dituzte. Bata Gasteizen izango da, urriaren 18an; bestea, berriz, Tolosako Topic-en, azaroaren 6an.
Bere hirugarren diskoa kaleratu berri du