Kartzela berria ez dute 2019a baino lehen egingo.
Eneko Goia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zubietako kartzela 2019a arte atzeratu izana albiste “txarra” dela adierazi du Eneko Goia alkateak. Horregatik bilera bat eskatuko die eskumena duten agintariei. Goiaren ustez, Txomin Enekoa hirigintza proiektua garatzeko ezinbestekoa da Martuteneko kartzela lekuz aldatzea. Eta gainera Martuteneko kartzelako baldintzak ez direla egokienak adierazi du.
Txomin Enea hizpide izan dute Tokiko Gobernu Batzordean ere, Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra aldatzeko zirriborroa aztertu baitute. Auzitegi Gorenaren eskakizunak bete eta hirigintza proiektua garatzeko prozesua abian jarri nahi dute horrela. Goiak azaldu duenez, ez dute babesturiko etxebizitza kopururik jaitsiko. Dena dela, plangintzaren aldaketak aztertu eta gai ordenetik kanpo bada ere, urriaren 29ko udalbatzarrean aztertu nahi dituzte.
Bestalde,
San Bartolomeko lanak egiteko Plan Orokorra aldatzea behin betiko onartu dute. Hala, urriko osoko bilkuran amaiera emango zaio prozesuari.
Miramonen hotela eta ikasleen egoitza egiteko baimena ematea ere onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak. Orain sei hilabeteko epea izango dute lanak egiteko.
Hiriko bide eta kaleetako zoruak konpontzeko, berritzeko eta mantentzeko zerbitzuak kontratatzeko oinarri administratibo eta teknikoak ere zehaztu dituzte. Lau urteko kontratua litzateke, 3,5 milioi euroko aurrekontuarekin.
Azkenik, hiru hondartzetako kabinak kudeatzeko baldintzak onartu dituzte. Enplegurako zentro berezien esku geratuko da zerbitzua, hau da, urritasun fisiko edo psikikoren bat duten langileak dituzten enpresa baten esku.