Bulebarretik Bilbo plazaraino hedatuko den azoka bat antolatu dute, Done Jakue bidearen harira.
Xacobeo Donostia azokaren aurkezpena; Eulali Moreno ipuin kontalariak -erdian- irakurriko du pregoia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Iparraldeko Done Jakue bidea edo ‘Kostaldeko bidea’ izenez ezagutzen dena ez da ibilbiderik ohikoena, baina bai zaharrena. Hainbat historialariren arabera, IX eta X. mendeetan erromesek itsasertza igarotzen duen bidea erabiltzen zuten Galiziara iristeko.
Kostaldeko bideari bultzada handiagoa emateko, eta 2021a Done Jakueren urtea dela aprobetxatuz,
azoka ibiltariak egingo dituzte. Asteburuan egingo dute lehena hirian: Xacobeo Donostia. Donostia Festak eta Xacobeo 21 elkarteak antolatu dute, Donostia ere kostaldeko bidean geldialdi bat baita.
Bulebarra, Elkano kalea eta Bilbo plaza Erdi Aroko gisan girotuko dituzte. Bitxiak, artisau lanak, gastronomia produktuak, sendabelarrak…eskaintza anitza prestatu dute,
169 postutan banatuta. Hortaz gain, hegaztien erakusketak, antzezlanak, txotxongiloak, zuzeneko musika, Erdi Aroko borrokak eta beste hainbat ikuskizun eskainiko dituzte.
Pedro Carrasco, azokaren antolatzailearen arabera, “Donostiaren neurrira prestaturiko azoka bat da. Sekula ez da Done Jakue bidearen inguruan tamaina honetako azokarik egin; benetan ikusgarria izango da”.
Bihar arratsaldeko
16:30ean hasiko da ikuskizuna Zuloaga plazan. 400 bat pertsonako talde bat kalejiran joango da Konstituzio plazaraino, eta han pregoia irakurriko dute. Ondoren, Bulebarreko kioskoan justa edo gerlarien arteko borroka bat egingo dute, eta azkenik kalejirak Elkano kalea zeharkatuko du, azoka irekiz.
Igandera bitartean goizeko 10:00etatik gaueko 22:00etara egongo da zabalik azoka, eta astelehenean, azken egunean gaueko 23:00etan itxiko dute.