Mikel Larratxe, Anari eta Petti gonbidatu berezi bezala aritu dira Irutxuloko Hitzaren 10. urtemugaren festan.
Kristoren gogoa zuten Donostian kontzertua eskaintzeko, eta halaxe erakutsi dute Joseba B. Lenoir Gang musika taldeko kideek. Publikoa zutik jarri ez ezik, eurek ere gozatu dute oholtza gainean, abesti batetik bestera are eta indar gehiago eskainiz. Kontzertua hasi baino minutu batzuk lehenago amaitu dira sarrerak, eta Lugaritz kultur etxeko ekitaldi aretoa bete egin da. Irutxuloko Hitzaren 10. urtemugaren festa, beraz, rock erritmoan ospatu dute hedabide zaleak. Gainera, emanaldia berezia izan da oso, Anari, Petti eta Mikel Larratxe gonbidatuek ere hartu baitute parte eta elkarrekin jo dituzten zenbait abestirekin Itoiz taldeari omenaldia egin nahi izan diotelako.
Kontzertua hasi baino lehen, bertaratu direnek Irutxuloko Hitzaren hamar urte hauen hainbat azalen erakusketa ikusteko aukera izan dute, baita eurek gaurko azalaren protagonista izateko ere. Ondoren, hedabidearen alde topa egin eta mokadutxo bat jan dute, aretoaren ateak ireki dituzten arte. Eserlekuak zeuden arren, lehenengo gonbidatu berezi Mikel Larratxe sartu den bezain laster publikoa zutik jarri da, eta abeslariekin batera kantatu du. Horrela egon da aretoa kontzertu amaiera arte. Joseba B. Lenoir Gang musika taldeak hirian jotzen zuen lehenengo aldia izan da, eta lortu duen arrakasta ikusita pozik agertu dira taldekide zein gonbidatuak.