Joseba B. Lenoir Gang boskoteak eta gonbidatutako musikariek ikusmin handia piztu dute.
Joseba B. Lenoir Gang eta lagunak, Lugaritzeko kontzertuaren agurrean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Kristoren gogoa zuten Donostian kontzertua eskaintzeko, eta hala erakutsi zuten Joseba B. Lenoir Gang musika taldeko kideek, joan den ostiralean. Publikoa zutik jarri ez ezik, eurek ere gozatu zuten oholtza gainean, abesti batetik bestera are eta indar gehiago eskainiz. Kontzertua hasi baino minutu batzuk lehenago amaitu ziren sarrerak, eta Lugaritz kultur etxeko ekitaldi aretoa bete egin zen.
IRUTXULOKOHITZAren 10. urtemugaren festa, beraz, rock erritmoan ospatu zuten hedabide zaleak. Gainera, emanaldia berezia izan zen oso, Anari, Petti eta Mikel Larratxe gonbidatuek ere hartu baitzuten parte, eta elkarrekin jo zituzten zenbait abestirekin Itoiz taldeari omenaldia egin nahi izan zioten.
Kontzertua hasi baino lehen, bertaratu zirenek IRUTXULOKO HITZAren hamar urte hauen hainbat azalen erakusketa ikusteko aukera izan zuten, baita eurek gaurko azalaren protagonista izateko ere, photocall-aren bidez. Ondoren, hedabidearen alde topa egin eta mokadutxo bat jan zuten, aretoaren ateak ireki zituzten arte. Eserlekuak zeuden arren, lehenengo gonbidatu berezi Mikel Larratxe sartu bezain laster publikoa zutik jarri zen, eta abeslariekin batera kantatu zuen. Horrela egon zen aretoa kontzertu amaiera arte. Joseba B. Lenoir Gang musika taldeak hirian jotzen zuen lehenengo aldia izan zen, eta, lortutako arrakasta ikusita, pozik agertu ziren taldekide zein gonbidatuak.
Aurpegi ezagun ugari elkartu ziren festan. Danele Sarriugarte idazlea, Leire Palacios kazetaria, Musika Zuzenean webguneko arduradun Koldo Otamendi, Jurgi Ekiza musikaria, Iker Lauroba musikaria, Markel Ormazabal IRUTXULOKOHITZAko kolaboratzailea, Hamaika Telebistako Inaxio Esnaola, Kortxoenea gaztetxeko kideak, Argiako Lander Arbelaitz eta Axier Lopez kazetariak, Garoako eta Lou Topet taldeko Oier Aranzabal, Joserra Senperena musikaria, Mikel Iturria blogaria, Rafael Berrio musikaria, Miren Artetxe idazle eta bertsolaria, Ze Esatek taldeko Jabi, Groseko jai batzordeko kide Alex Martinez, Piraten mugimenduko kideak, Saioa Royo eta Ion Martinez aktoreak eta Skakeitan taldeko Olatz Salbador, besteak beste.