Txantxarrekako kideen proposamenak aintzat hartzeko eskatu diote udalari
Eneko Goia alkateak Antiguako gaztetxearen inguruan hartutako zenbait erabakiren berri eman du aste honetan. Batetik, Antiguako Villa Alegria gaztegunea bertako gazte elkarteari uzteko hitzarmena luzatzea erabaki dutela, eta bestetik, zarata arautzeko ordenantza aplikatuko dutela. Antiguako gaztetxeko kideek ohar bat kaleratu dute. Gaztetxeko mugimendua anitza eta horizontala izateak dakartzan funtzionamendu modu, erritmo eta epeak kontuan izan eta errespetatzeko eskatu diote. Udala eta gaztetxearen arteko hitzarmenaren luzapena, gaztetxearen sinadurarik gabe onartu zela jakinarazi dute.
Udalari eskatu diote euren proposamenak ere aintzat hartu eta epe motz edo ertainean, arazo horiei irtenbideak topatzeko formulak aztertu, landu eta ahal den neurrian gauzatuko direla bermatzeko.
Bi urte hauetan garatutako proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dutela plazaratu dute: “Villa Alegria eraikina proiektu eta egitasmo ezberdinez eta dozenaka eragilerekin burututako elkarlanaz aberasten jarraituko dugu”. Era berean, argi utzi nahi izan dute ulertu eta errespetatzen dituztela bizilagunen atsedenerako eskubideak: “Prest gaude elkarbizitza onena izan dadin behar beste neurri eta moldaketa egiteko, beti ere Txantxarrekako aktibitatea ahalik eta gutxien mugatuz”. Txantxarrekako norbanako eta eragileek autogestioaren bidez euren jardunarekin jarraituko dutela auzoan eta Donostian bestelako aisialdi bat eskaintzen jarraituko dutela.
Erlazionatutako edukiaAntiguako gaztetxeari ordutegia jarri diote