1970. hamarkadaren amaiera eta 1980. hamarkadaren hasierako bizimodua eta ohiturak islatu dituzte San Telmo Museoan, sei argazkilariren begiradari esker.

Erakusketarako aukeratutako argazkietako batzuk. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Madrilgo La Fabrica eta Bartzelonako Foto Colectania fundazioarekin elkarlanean prestaturiko erakusketa da
Hain urrun, hain hurbil. Bi hiri horietan ikusgai egon ondoren, San Telmo Museora iritsi da argazki bilduma, eta bertan egongo da
2016ko urtarrilaren 6a arte.
Trantsizio garaian argazkigintza aldatu zuen
argazkilari talde baten lanak bildu dituzte; sei guztira. Berez ez dute kolektibo jakinik osatzen, baina, Cristina Zelich erakusketaren komisarioak azaldu duenez, “guztiek ageri dute argazkiarekiko konpromiso zorrotz bat, sentipen argi bat, desagertzear edo aldatzeko zorian dauden bizimodu edo ohituren aurrean daudelako”.
1970. hamarkada amaiera eta 1980. hamarkadaren hasierako bizimodua, pertsonak, errituak edo uneak islatu dituzte argazkilariek. “
Espainia landatarra da bereziki erakusten dena, baina ikonografia ofizialetik urrun, garai frankistak inposatutako estereotipoetatik urrun”, azaldu du Zelich-ek.
Horrenbestez, argazkien artean ospetsu egin diren lanak bildu dituzte;
Cristina Garcia Roderoren España oculta, esaterako. Beste batzuk, agian, ez dira hain ezagunak, baina “garai hura ulertzeko beharrezkoak” denak.
Koldo Chamorrok (Gasteiz, 1946-Iruñea, 2009) baserri giroko bizimodua eta ohiturak bildu zituen, esaterako.
Cristina Garcia Roderok (Ciudad Real, 1949) erritu eta ohitura herrikoiei begira jarri zuen bere kamera.
Fernando Herraez-entzat (Cadiz, 1948) argazkigintza artea zen, eta kimika ikasketak albo batera utzi zituen inguruko bizimoduari begira jarduteko.
Anna Turbau (Bartzelona, 1949) erakusketaren aurkezpenean izan zen, bere lanak gertutik erakusteko. Galiziako bizimodua eta galiziarren izaera islatzen saiatu da bera.
Ramon Zabalzak (Bartzelona, 1948), berriz, ijitoen kultura eta ohiturak islatu ditu. Eta
Cristobak Harak (Madrid, 1946) bere zuri-beltzeko serie ezaguna ekarri du.
Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate erakusketaren aurkezpenean egon zen, joan den ostiralean. Udal ordezkariak hitz joko bat egin zuen erakusketaren izenburuarekin, “ezin egokiagoa” dela esan eta gero: “Askorentzat 1970. hamarkada ez dago hain urrun, baina argazki hauetan erakusten den bizimodua, zenbait ohitura, oso urrun geratzen dira. Ez naiz hain zaharra, baina zenbat aldatu diren gauzak”, esan zuen Azkaratek umorez.
Erakusketaren karteleko argazkia hartu zuen adibidetzat. Emakume bat ageri da belauniko, apaizaren aurrean konfesatzeko zain.
Herritarrak protagonista
Erlijio errituak, haurren jolasak, baserritarren lanak, egoera bitxiak, begirada adierazkorrak, emakumeak, garaiko janzkera… Herritarrak dira argazki guztietan protagonista, baina testuingurua ezagutzeko aukera ere ematen dute.
Zuri beltzeko argazkiak dira guztiak, eta atzean utzitako uneak islatzen dituzte. “Gogoetarako argazkiak” direla nabarmendu zuen Azkaratek berak.
Azken txanpan sartu da Kerejetari buruzko erakusketa
Elias Kerejeta (Hernani, 1934-Madril, 2013) Zuzenbideko eta Kimikako ikaslea izan zen, eta Realeko aurrelaria. Kiroletako botak zinemarengatik aldatu zituen, eta Espainiako ekoizle garrantzitsuena bihurtu zen.
Bada, Kerejetaren figuran eta obran oinarrituta dago Elias, vida mia; zinemari eskainitako bizitzaren argazkiak erakusketa. Abuztuaren bukaeratik dago ikusgai San Telmo Museoan, eta azken txanpan sartu da, azaroaren 8a arte egongo baita aukeran.
Zuri-beltzean dauden 80 irudien bitartez, bere filmografia, ibilbide eta bizitza pribatuaren pasarte garrantzitsuenak bildu dituzte Laborategi gunean. Sarrera doan da, eta Pedro Usabiaga argazkilaria da erakusketaren komisarioa.