Metroaren egitasmoa gelditzeko manifestazioa egingo dute abenduaren 12an
Proiektuaren inguruko eztabaida sustatzeko asanblada informatiboak egingo dituzte auzoz auzo.
Donostialdeko Metroaren proiektuaren inguruan dagoen “informazio gabezia, ilunkeria eta herritarren parte eza” salatu dute, eta egoera honen aurrean, auzoetan gaiari buruzko eztabaida sustatzeko lan egingo dutela. Hala adierazi du metroaren egitasmoa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarrak. Eztabaida sustatu ondoren, manifestazioa egingo dute abenduaren 12an. Lehen mobilizazioa izango da abendukoa. Artzain Onaren plazatik irtengo da 12:00etan, eta Bulebarrean amaituko da.
Egitasmoarekiko “ikuspegi kritikoa” zabaltzeko eta Donostiako herritarrekin iritziak trukatzeko asanbladak egingo dituzte azaroan. Amara Berrin egingo dute lehen asanblada, azaroaren 3an, Ernest Lluch kultur etxean (19:30ean). Antiguan, azaroaren 10ean (Lugaritz kultur etxea, 19:00); Añorgan, azaroaren 11n (Añorga Txiki auzo elkartea, 19:00); Egian, azaroaren 12an (Egia kultur etxea, 19:30); Martutenen, azaroaren 16an (Martutene Auzo Elkartea, 19:00); eta Ulian, azaroaren 18an (Uliako Auzo Elkartea, 19:00). Gros, Parte Zaharra, Intxaurrondo, Altza eta Bidebietan ere egingo dituzte asanbladak, baina oraindik ez dituzte datak zehaztu.