"Harro nago eta ohorea da Reala entrenatzea"

David Moyesek utzi duen lekua Eusebio Sacristanek beteko du aurrerantzean.

Eusebio Sacristan, Realeko entrenatzaile berria. (Argazkia: Real Sociedad)

Eusebio Sacristan, Realeko entrenatzaile berria. (Argazkia: Real Sociedad)

Eusebio Sacristanek lehen adierazpenak egin ditu Realeko entrenatzaile berria bihurtu ostean. Hauek izan dira bere lehen hitzak entrenatzaile txuri-urdin gisa: “Harro nago, eta ohorea da klub honen entrenatzaile izatea. Ilusioz betetzen dit une politak bizi ahal izateko”. Taldeari buruz, “ezaugarri guztiak ditu hazi eta hobetzeko. Orain lan egin behar dugu exijentzia eta konpromiso hori edukitzeko dinamika aldatzeko eta aurrera egiteko”. David Moyes bere postutik kendu du Realaren zuzendaritzak, eta berak utzitako lekua hartu du. 51 urte ditu Sacristanek, eta ibilbide arrakastatsua egin du jokalari gisa. Valladoliden hasi zuen bere ibilbidea, eta Atletico Madrilen jokatu ostean, Bartzelonan 1990eko hamarkadako dream team-eko kide izan zen. Gero Celtan eta Valladoliden berriro jokatu zuen jokatzeari utzi aurretik. 2003tik 2008ra entrenatzaile karneta eskuratu ostean Bartzelonaren lehen taldeko talde teknikoan izan zen. 2009tik 2011ra Celtaren entrenatzaile izan zen, eta azken urte horretan Bartzelonaren bigarren taldearen ardura hartu zuen. Hor aritu da aurten otsailean taldearen emaitza txarren ondorioz bota duten arte. Gaur, asteartea, 12:30ean lehen agerraldia egingo du kazetarien aurrean, Anoetako prentsa aretoan.
HITZAkide HITZAkide