Bere 15. urtemuga ospatzen ari da
Museum Cemento Rezola ‘Emakumeak eta Arkitektura’ erakusketa otsailaren 27a arte egongo da ikusgai.
Emakumeak eta Arkitektura erakusketak, ArcVision Prize nazioarteko sariaren hiru urteetako ibilbidean protagonistak
izandako arkitektoen lanak jasoko ditu, otsailaren 27a arte. Argazki, testu eta planoen bidez, hainbat arkitektoren biografiak erakusgai jarri dituzte Añorgako Museum Cemento Rezolan. Carla Juacaba brasildarra, Ines Lobo portugaldarra eta Angela Deuber suitzarra tartean daude.
Aipatutako saria mundu mailako porlan ekoizle Italcementi taldeak antolatzen du, eta helburua nazioarteko arkitektura garaikideko emakumeen irudia bultzatzea da. Erakusketak Museum Cemento Rezolaren 15. urtemugarekin egin du bat. Hain zuzen ere, 2000. urtean inauguratu zuten museoa, eta joan den urriaz geroztik egitarau mamitsu bat antolatu dute kultur jardueraz betea, publiko ezberdinei eskainia, urteurrena behar bezala ospatzeko.
Egitarauak lengoaia sortzaile ezberdinak batu ditu: erakusketak, musika, dantza emanaldiak, zinema-dokumental ziklo bat,
bertso saio musikatu bat… FYMCementos Rezolako ohorezko presidente Jose Maria Etxarriren hitzetan, «museo bizi, dinamiko eta transformatzaile batekin ospatzen dugu urtemuga. Arnasten du, mugitzen da eta birsortzen da proposatutako jarduera bakoitzarekin, betiere Añorgako bizilagunen presentzia eta parte-hartzearekin».
Etxarrik azpimarratu du museoak kultur etxe baten moduan diharduela, «irekia eta partaidetzarekin, gure enpresaren jarduera guztiak gidatzen dituen konpromiso eta giza-erantzukizunekin bat eginik». Topaketak, 2016an Cementos Rezolako ohorezko presidenteak berretsi du Donostia 2016 egitasmoarekin duten konpromisoa. Hiriburutzarekin
izango duten elkarlan estuena urtarrilean etorriko da, arkitekturaren inguruko topaketa batzuekin.
«Laborategi-gune» izango dela aurreratu dute, eta helburua arkitekto profesional eta arkitekto gazteen arteko elkarrizketa
bultzatzea izango dela jakinarazi dute. Topaketa hauek, Donostiako Arkitektura Goi Eskolarekin batera antolatua, honako gai hauek jorratuko ditu: Emakumea eta arkitektura, Arkitektura lengoaia eta joera berriak, Arkitektura garapenean dauden herrialdeetan, Pedagogia eta Arkitektura eta Praktika onak.
1850etik Añorgan finkatua dagoen FYM-Cementos Rezolaren eskutik etorri zen Museum Cemento Rezola. Aurtengo
otsailerako 100.000 bisitari jaso zituen, eta irailaren 30rako 105.000 bisitari kontatu ditu dagoeneko.


