Epaitegiak Kortxoeneako eraiste lanak gelditzeko agindu du
Badaezpadako neurria indarrean sar dadin 3.000 euroko bermea eskatu diete gaztetxeko kideei.
gaztetxea azaroaren 3an eraisten hasi ziren. Bertan zeudenak salatu zutenez, goizean goiz atea mailukada batekin hautsi eta aurpegiak estalita, metalezko zilindroak eskuan eta oihuka, eraikinean sartu ziren hamabi bat pertsona. Barruan zeudenak gaztetxetik atera eta ondoren eurek ihes egin zuten.
Egoera honen aurrean, Kortxoeneak salaketa jarri zuen, desalojoa legez kanpokoa zela argudiatuz. Izan ere, okupazioa era publikoan egin zutenetik 72 ordu baino gehiago pasa zirenez, bertatik jendea ateratzeko epaitegi baten agindua behar zuten. Orain salaketa horri arrazoia eman dio Donostiako epaitegiak, eta jada berandu den arren, badaezpadako neurriak aurrera jarraitzeko eskatzen duten 3.000 euroko bermea ordainduko dutela adierazi diote IRUTXULOKO HITZAri: “Berandu dator, baina argi dugu gertatutakoa salatuko dugula eta leku guztietara eramango dugula, bai kalera eta baita epaitegietara ere; aurrera goaz, irabaztera goaz. Gauzak horrela ezin direla egin ikusarazteko balioko du”.
Kortxoeneak jakinarazi duenez, Donostiako epaitegiak badaezpadako neurri gisa gaztetxeko eraiste lanak behin behinean gelditzeko agindu du. Lehen Instantziako 2. zenbakiko epaitegiak susmoa du eraikinaren jabe den enpresak gaztetxea husteko zegokion agindua ez zuela; eta hori dela eta, badaezpadako neurri hori hartzea deliberatu du. Bost egunean 3.000 euro bildu beharko dituzte badaezpadako neurria indarrean jartzeko.
Groseko Kortxoenea