Matia kaleko tabernariak ezin gusturago daude bertako errealitatearekin; izan ere, Antigua herri txiki baten modukoa dela diote, eta urte osoan zer ospatu izaten dutela.

TrikuHarriko Aitzol Irazusta, Plateroko Oier Txoperena eta Drinkako Elena Cobreros, Matia kalean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Antiguan herri sentimendua oso errotua dago. Elkarrekin trago batzuk hartu eta auzoan murgiltzeaz gain, ingurukoei izugarri laguntzen omen diote bertakoek. Hori diote behintzat, Matia kaleko hiru tabernarik; izan ere, auzoko mugimenduaz sakon hitz egin dute Irutxuloko Hitzarekin honakoek: Aitzol Irazusta (TrikuHarri), Oier Txoperena (Platero) eta Elena Cobreros (Drinka). «Matia azken bi mendetan elkargunea izan da; eta, nire ustez, gune garrantzitsuena da. Auzo hau pasabidea da. Beraz, beti dago jendea; eta hiru tabernak elkarrekin egoteak konpetentzia positiboa sortzen du gure artean», dio Irazustak. Hondartza aldetik bidea hasi ezkero, kalearen bukaeran daude TrikuHarri, Platero eta Drinka, eta bertan adin guztietako auzotarrak eta kanpotarrak biltzen direla diote; gainera, euskal giroan: «Gure lehen hitza beti euskaraz izango da».
Hiru tabernek prezio berak dituzte, «auzoko prezioak», eta hiruek bazkariak eta afariak eskaintzen dituzte, bakoitzak bere berezitasunekin.
«Hiru urte daramatzagu ireki genuenetik, eta hasieratik gure filosofia auzoko taberna batena izan da. Taberna daramagun biak, Iñigo eta ni, auzokoak gara. Sukalde sinplea dugu, baina kantitate onak eskaintzen ditugu. Igande arratsaldeetan eta astelehenetan ixten dugu», dio TrikuHarriko kideak.
Plateroko Txoperena ere oso pozik dago: «2013ko abuztuan ireki zuten Platero eta elkarte bat da taberna kudeatzen duena. Kalitate handiko betiko janaria eskaintzen dugu, eta arreta ona. Edozein pertsona gustura egongo den toki bat izan nahi dugu, baina beti ere giro euskaldun eta abertzalean. Ez da negozio bat bakarrik, harreman bat izaten saiatzen gara auzoarekin eta elkartasun keinuekin».
Cobreros ahizpek, berriz, duela bi hilabete eskas ireki zuten taberna: «Groseko taberna batetik gatoz nire ahizpa Carmen eta biak. Gure karta bertako produktuetan oinarritzen dugu, eta lehen mailako produktuak topatzen saiatzen gara. Harrituta geratu gara bertako giroarekin».
Drinka tabernaren izena irakurrita, batek baino gehiagok pentsatuko zuen taberna berri bat dela, baina ez da hala, izena aldatu berri baitiote orain arte Kalaberri izandakoari. «Topa jartzea pentsatu genuen, baina erregistratua zegoen jada. Beraz, informatzen hasi ginen, eta Iparraldeko XIX. mendeko bertso batzuk ezagutu genituen, edalontzi betearekin topa egitearen ingurukoak… bertan drinka hitza ageri zen, eta horixe aukeratu genuen», azaldu du Cobrerosek.
«Badago tunela igarotzen ez duen jende asko, betidanik izan baitu herri izaera», dio Txoperenak. Hala, eguerdian zein gauean kalean mugimendu asko egoten dela aipatu du: «Eguneroko auzoko bizitza asko nabari da, bai dendetan bai tabernetan ere». Teoria hori babestu dute beste biek ere. «Jendea izugarri mugitzen da bertako denda txikietan; eta ni hemen bizi naizenetik ere dena auzoan erosten dut», gehitu du Cobrerosek.
«Antiguan badaukagu halako harrotasun puntu bat bertakoak izateagatik, baina urtean zehar eragiten duten kontu asko daude. Batetik, unibertsitateekiko gertutasuna, eta bestetik, hondartza. Ikasleak, atzerritarrak eta probintziako jendea erakartzen dituzte faktore horiek. Antigua, azkenean, euskalduna da, baina ikasleei eta bisitariei esker oraindik ere euskara gehiago entzuten da», azaldu du Irazustak.
Azken batean, tabernariak ez dira harritzen auzotarrek bizimodua bertan egiteaz. «Auzoan dena dago; hondartza, dendak, tabernak… eta dena bizirik dago gainera. Bertakoentzat primeran dago, eta kanpotarrentzat berdin-berdin», dio Txoperenak.
Ostegunetan, pintxo-potea
Egunero kalean mugimendua badago ere, ostegunak bereizgarriak dira. Izan ere, pintxo-potea egiten dute Matia kalean, 19:00etatik aurrera. Hala, edariak ordainduta, pintxoak doakoak izaten dira. Drinkak, esaterako, pizza-potea egiten du; beste bi tabernek, berriz, denetarik eskaintzen dute. «Epe motzean ez digu etekinik ematen, baina epe luzean giroa sortzen du, eta hor dago benetako negozioa», dio Irazustak. Gainera, pintxo-potea bukatuta ere, jendeak gauera arte luzatzen du parranda, maiz. Gainera, askorentzat jaiak jarraipena izaten du Dokan, eta horrek ere jende gehiago erakartzen duela diote.
Horretaz gain, auzoaren aktibotasuna nabarmendu dute, eta ia urte osoan ospakizunen bat izaten dutela diote: sansebastianak bi asteburutan, kaldereroak, inude eta artzainak, inauteriak, sanjuanak, udan ere merkatuak… «Ni kanpotik nator eta guztiz harrituta geratu naiz. Hornitzaileek beraiek ere esaten dizute Antiguakoa beste kontu bat dela», gehitu du Cobrerosek.
Edonola, jaietan jaia sansebastianak direla diote, inolako zalantzarik gabe. «Edozein arrazoietatik harago dago Antiguan sansebastianek sortzen duten sentimendua», dio harro Irazustak. Jai batzordeak egiten duen lana goraipatzekoa dela dio, bi asteburutara zabaltzen baititu jaiak, eta kuadrillen bazkarian, esaterako, 600 lagun elkartzera iristen direla.
Behin eta berriro auzotasun hori nabarmendu duten arren, atzerritarrak ere maiz eta oso gustura izaten dituztela diote. Interneten kritika baikor ugari idazten omen dituzte gainera: «Bertakoentzat den zerbait dela ikusten dute, eta asko gustatzen zaie. Gainera, prezioekin asko harritzen dira, merkeak iruditzen zaizkie», dio Irazustak.
Hala, atzerritar bat baino gehiago itzuli egiten da, Antiguako bihotzeko kalera.