'Gure kabuz ala hil' dokumentala estreinatuko dute Guardetxean
Gazte mugimenduan alternatiba sozioekonomikoen inguruko eztabaida piztu eta bultzatzeko dokumentala aurkeztuko dute Donostian, hilaren 27an. Euskal Herri osoa goitik behera gurutzatu dute kamerak eskuan hartuta. Gure kabuz ala hil Topatu Gazte Proiektu Komunikatiboak eta Ernai Gazte Antolakundeak sortu dute elkarlanean. Gazteen egoera prekariotik abiatuta bestelako ereduak ikusaraztea eta alternatiben inguruko eztabaida sortzea lortu nahi dute: “Euskal Herriko alternatiba sozioekonomiko eta autogestionatu ugari bildu ditugu, trantsizio poskapitalistak pentsatzeko eta praktikan jartzeko helburuarekin”.
Groseko Kortxoenea gaztetxean aurkeztu behar zuten, baina eraistea dela eta, aurkezpena Guardetxean egingo dute. Dokumentaleko egileak eta parte hartzaileak izango dira estreinaldian. Dokumentalaren estreinaldia aprobetxatu nahi dute dokumentalean mahai gainean jarri dituzten gaien inguruan solasean aritzeko.
Gainera, bertako produktuekin egindako luntx eder bat ere izango dute, eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera. Guardetxeko aforoa dela eta, bertaratzeko asmoa dutenei eskatu diete gurekabuzalahil@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzeko, jakinaraziz zenbat lagun joango diren. Edukiera arazoak ekidin nahi dituzte, eta ez dute nahi inor kanpoan geratzerik.
Durangoko Azokan ere egongo gara DVDa banatzen. eta azokaren ostean, aurkezpen bira bat egingo dute Euskal Herritik. Lehenengo geldialdiak Baiona (abenduak 9), Iruñea (abenduak 14), Gasteiz (abenduak 16) eta Bilbon egingo dituzte. Horien ostean, aurkezpen-eztabaidak antolatuko dituzte herriz-herri.
GUARDETXEA, HILAREN 27AN
19:00 – Proiekzioa + solasaldia.
21:00 – Pikoteoa tokiko produktuekin.
22:00 – LIHER kontzertuan.
23:00 – DJ BASANABASA.