Ia laurehun arraunlarik bat egin dute Benta Berriko kiroldegian
Donostiako XVII. Indoor Herri Estropada antolatu du Vermont ergometro markak.
Aurreko urteetan egin duen moduan, Vermont ergometro markak Donostiako XVII. Indoor Herri Estropada egin zuen joan den larunbatean, Benta Berriko kiroldegian. Aurtengo lehian, ia 400 arraunlarik bat egin dute kiroldegiko pistan. Adinaren eta mailaren arabera, 2 minutu, 1.000 metro edo 2.000 metroko probak egin behar izan zituzten. Tartean aritu ziren Ur-Kirolak zein Donostia Arraun Lagunak klubetako kideak. Hala, Urkiko Koxme Burutaran kadeteak eta haur mailako Arene Lacostek zilarrezko domina bana lortu zuten; Arraun Lagunakeko Katya Arratibel, berriz, hirugarrena izan zen 17-18 urtekoen artean, eta bere atzetik geratu zen Sonia Bartolome. Lehiaren inguruko argazki bilduma bat osatu du Urkik.