Parisko erasoak gaitzesteko bilkura jendetsua egin dute Alderdi Ederren
Ostiralean Parisen gertatutako erasoak gaitzesteko hainbat bilkura egin dituzte eguerdian; udaletxearen aurrealdean, horietako bat.
Alderdi Eder jendez bete da 12:00etarako minutu batzuk falta zirenean. Udal talde guztietako ordezkariak eta dozenaka herritar elkartu dira, eta bost minutuko bilkura isila egin dute.
Bukaerako txalo zaparradak hautsi du isiltasuna, eta herritar batzuk kandelak eta lore sorta bat ere jarri dituzte elkartasun keinu gisa.
Bestalde, Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat argitaratu du, Pariseko erasoak arbuiatuz.


