Indarkeria matxistaren normalizazioari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Emakumeen Etxeak
Eztabaida piztu, esperientziak trukatu eta estrategiak mahaigaineratzeko topagune izatea nahi du.
Emakumeen Etxeko Erasoen Aurkako Batzordeak Indarkeria matxistaren normalizazioa jardunaldiak prestatu ditu. Emakumeen aurkako indarkeriaren normalizazioari buruzko eztabaida piztu, esperientziak trukatu eta estrategiak mahaigaineratzeko topagune izatea nahi dute: “Gaur eguneko testuinguru politikoa kontuan harturik, gai honen inguruko hausnarketa sakon bat egitea ezinbestekotzat jotzen dugu, elkarrekin sortuz, konponbideak luzera eraiki ditzagun”.
Hainbat aditu gonbidatu dituzte afera honi ikuspuntu desberdinetatik heltzeko, Graciela Atencio, besteak beste: “Estatu Espainolean gertatzen den feminizidioari buruz hitz egingo du. Dakigunez, 2015an dagoeneko 93 feminizidio gauzatu dira. Erasoen aurkako Batzordeari egoera honen inguruan hausnartzeko elkartzea eta errealitate hau eraldatzeko estrategiak sortzeko artikulatzea ezinbestekoa iruditzen zaio”.
Indarkeria sexistaren aurkako estrategia eta iradokizunez hitz egingo du Maria Naredok, eta Lucia Martinezek indarkeria matxistak hedabideetan duen tratamendua aztertuko du.
–Graciela Atencio: “Feminizidioa Estatu Espainolean ere gertatzen da”. Azaroaren 20an. 10:00etatik 21:00etara.
–Maria Naredo: “Indarkeria sexistaren kontrako feminismoa: estrategiak eta iradokizunak”. Azaroaren 23an. 19:00etatik 21:00etara.
–Lucia Martinez: “Indarkeria matxista hedabideetan”. Azaroaren 24an 19:00etatik 21:00etara.


