Kontxan, Cervantes plazan, egingo dute ekitaldi nagusia, 18:00etan.
Gabonetako zuhaitz erraldoi bat argiztatuko dute Miramar jauregian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Jai giroan piztuko dituzte aurten Eguberrietako argiak.
Cervantes plazan egingo dute ekitaldi nagusia bihar, abenduak 1, arratsaldeko
18:00etan. Udal ordezkariekin batera, haur danborradetako kideak izango dira argiak pizteko ardura izango dutenak. Batetik, Ane Martinez
Hipika E.E. Lantzarien konpainiako Easo Ederra eta, Carlota Rancel eta Nora Barea damak. Beraiekin egongo da Miren Azkue badminton jokalari gaztea ere.
Argiak pizteko unea girotzeko Kantakidetza abesbatzako kideek ere Eguberrietako hainbat abesti eskainiko dituzte. Dena dela, Ernesto Gasco lehen alkateordeak jakinarazi duenez, Cervantes plaza ez da interes gune bakarra izango. Izan ere,
Kontxako hondartzan zuhaitz bat jarriko dute argiteria piztu baino lehen; 17:00ak aldean. Kartulinak eta material koloretsuak erabiliz, 100 bat pertsonak zuhaitz erraldoi bat osatuko dute hondartzan.
Hondar gaineko zuhaitza ez da Eguberri hauetako berrikuntza bakarra izango, ordea,
Miramar jauregian, Antiguako tunelaren gainean
zuhaitz erraldoi bat jarriko baitute. Gascoren esanetan, “
itsasargi baten funtzioa beteko du, eta Eguberrietako ikur bihurtuko da. Horregatik kokatu dugu hiriko hainbat txokotatik ikus daitekeen gune berezi horretan”.
14 kale gehiago argiztatuko dituzte
Hiria argiztatzeko iazko aurrekontuari eutsiko dio udalak:
60.000 euro inguru. Gainera, aurten Sabadell banketxea babesle izango da, 3.000 euroko ekarpena eginez. Hala, Gascok adierazi duenez, “diru kopuru berarekin kale gehiago” argiztatuko dituzte.
Izan ere, aurten
apaingarri kopurua %14 igotzeaz gain, hiriko kale gehiago ere argiztatuko dituzte; 14 kale gehiago hain justu. Horrela, Gabonetako argiak ia auzo guztietara zabaldu dituztela adierazi du Gascok; 16 auzotara. 232 arku, 116 farola, lurreko 23 irudi eta 68 zuhaitz jarriko dituzte apaingarri gisa.