Hainbat jarduera egin dituzte Euskararen Nazioarteko Egunaren etorrerarekin. Bagerak antolatutako Mintzodromoak ez du hutsik egin, eta San Telmo Museoko eliza lepo bete dute.
San Telmo Museoko elizan egin zuten Mintzodromoa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuten atzo, eta, abenduaren 3aren etorrerarekin, hainbat jarduera egin zituzten hirian barrena. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Euskara Zerbitzuak antolatutako
Mintzodromoak ez zuen hutsik egin, esaterako. Goizez bi saio egin zituzten, eta arratsalderako hirugarrena zuten aurreikusita.
Mintzodromoak agertoki berria izan zuen, San Telmo Museoko elizan egin baitzuten. Espazio berria, baina dinamika bera errepikatu zuten, parte hartzearen aldetik arrakastatsua baita.
Izan ere, lepo bete zuten museoko eliza;
140 pertsona inguru, goizeko bi txandatan. Ohikoa den moduan, euskaldun zaharrak eta berriak aritu ziren solasean, batzuk lotsatiago, beste batzuk lasai, eroso.
Euskal kultura izan zuten hizpide parte hartzaileek. Batetik, Frankismo garaitik gaur egun arte
euskarak izan duen bilakaeraren inguruan eztabaidatu zuten: sorkuntza, ikastolen sorrera, Euskaltzaindia…
Ondoren, egunotan ahoz aho dabilen
Durangoko azoka ere izan zuten ardatz. Benetan, euskarazko industria kulturalaren erakusleihoa ote den, edo jai giroak itzal egiten ote dion benetako helburuari.
Amaitzeko, euskal kulturaren protagonistak erabiltzaileak eta sortzaileak direla abiapuntu hartuta,
sortzaileen parekidetasuna jarri zuten mahai gainean. Emakumeek gizonek baino kultura gehiago kontsumitzen badute ere, sortzaile, literatura saritu eta bertsolarien artean, esaterako, gizonak baitira nagusi.
Mintzodromoko bigarren saioan, 11:00etakoan, hainbat udal ordezkarik parte hartu zuten: EAJko
Jon Insaustik eta
Miren Azkaratek, eta EH Bilduko
Naiara Sampedrok eta
Amaia Almirallek, esaterako.
Eneko Goia alkatea ere gerturatu zen, eta hainbat ohar eman zituen.
Euskaldun zaharrei etxeko lanak jarri zizkien alkateak. Euskaldun berriek hizkuntza ikasteko egiten duten ahalegina eskertu eta osatzeko erabileran jarri behar dela arreta esan zuen,
euskarak 365 egun dituela gogora ekarriz. Era berean, euskararen normalizazioan urrats garrantzitsuak egin badira ere, “lan handia dagoela egiteko” esan zuen, eta “guztien arteko adostasuna” eskatu zuen.
Kantu Jira, euskal kirolak…
Mintzodromoa ez ezik, beste hainbat jarduera ere egin zituzten atzo.
Añorga Txikin Kantu Jira,
Deustuko unibertsitatean Ika Mizka saioa eta
Trinitate plazan euskal kirolen jarduera egin zituzten, besteak beste.
Euskararen Eguna igaro den arren, asteburuak ere zenbait jarduera ekarriko ditu.
Igeldoko kultur etxean, esaterako, kazetaritza eta euskarari buruzko mahai ingurua egingo dute gaur, 20:00etan.