Loiolako Erribera auzo gaztea da, 2006an iritsi baitziren lehen auzotarrak; ia hasieratik bizilagunek auzo elkarte bat osatu zuten, eta, orain, egoitza estreinatu berri dute, denen zorionerako.
Arantxa Fernandez; Loiolako Erriberako auzo elkarteko presidentea.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Erriberako Auzokideak, halaxe izena du Loiolako Erriberako auzo elkarteak, eta udalak utzitako lokala estreinatu berri du, Gabriel Maria Lafitte plazako 3. zenbakian. Zehazki, udalak 2011n eman zion lokala elkarteari, baina gaur arte biltegi moduan bakarrik erabili dute, obra egiteko baitzegoen. Egoitza berria aitzakiatzat hartuta, elkarteko presidentearekin bildu da IRUTXULOKO HITZA: Arantxa Fernandez (Amara Berri, 1966). Elkartearen eta auzoaren bilakaeraren berri eman du.
Auzoaren sortzearekin batera egituratu zenuten elkartea?
Auzoko lehen etxebizitzak 2006an eman zituzten, babes ofizialekoak zirenak; eta hortik sortu zuten auzo elkartea, oinarrizko beharrei aurre egiteko. 2007 eta 2008 urteen artean, bizilagun ugari iritsi ginen jada auzora, eta orduko elkarteak lekuko aldaketa eskatu zuen. Bilera batean lagun ugari bildu ginen, eta 2008ko azaroan elkartearen ibilbide berria hasi genuen. Beste behar batzuk genituen orduan, eta arloen arabera banatu ginen: hirigintza, kirola, garraioa…
Zein izan zen aro berri horren helburu nagusia?
Lotarako auzo bat baino gehiago izan nahi genuen, bizilagunek auzoko bizitza egin zezatela. Bakoitza auzo edo herri batetik gentozen, eta auzo sentimendua sortu nahi genuen, eta hortik gure leloa, Erriberatar peto-petoak. Gero, auzo baten ohiko arazoak izan ditugu; bukatu gabeko guneak, garraio publikoaren beharra, barandak jarri beharreko lekuak… Gaur egun, 1.000 bazkide ditu elkarteak, auzo osoa. Egunerokoan, gutxi gara lanean ari garenak, baina asko dira jarduera jakin batzuk antolatzen dituztenak.
Zenbat lagun bizi zarete egun auzoan?
Ez dakigu zehazki, baina 4.000 inguru izango gara. Bizilagun gehienak bikote gazteak dira, eta seme-alabak hemen izan dituzte. Pentsatzen dut auzorik gazteena izango garela.
Betidanik eskatu duzue elkartearentzat egoitza bat?
2009an estatutu berriak idatzi genituen, eta pixkanaka jarduerak egiten hasi ginen. Biltzeko leku baten beharra nabaritzen genuen, eta azkenean, 2011n lortu genuen udal egoitza bat auzoan. Kontua da, obra egiteko zegoela, eta guk ez genuen horretarako dirurik. Borrokan aritu gara, eta aurten egin ditu udalak berritze lanak. Orain arte biltegi moduan erabili dugu, baina jarduera guztiak kalean egin behar izan ditugu.
Auzoko jaiez gain, beste hainbat ospakizun egiten dituzue, ezta?
Bai. Auzoko jaiak behar genituela erabaki genuen, bereziki auzoko bizitza bultzatzeko, eta bizilagunak elkarren artean ezagutzeko. Ezagupen gutxirekin eta baliabiderik gabe antolatu genituen lehen jaiak. Oso ondo atera zen dena, eta jarraitzea erabaki genuen. Bestetik, haurrentzako antolatzen ditugun kontu guztiek sekulako arrakasta izaten dute. Asko borrokatu ostean, urtean behin kale antzerki bat edukitzea ere lortu dugu, udalaren bidez. San Juan, Santa Ageda, kromo trukeak, Kirolaren Eguna… jarduera asko antolatzen ditugu.
Euskara Batzorde bat ere badugu, eta, Euskara bultzatzeaz gain, bizitza ematen dio auzoari. Erriberatarrak korrikalari taldea ere sortu dute, eta, orain, esaterako, San Silvestrerako mozorroak prestatzen ari dira.
Zein abantaila emango dizue egoitzak?
Gure lorpenik handiena izan da. Bizilagunek orain leku bat dugu elkartzeko eta topaleku gisa. Lehen zailtasunak genituen bizilagunekin komunikatzeko, dena Internet bidez egiten genuelako: Facebook, webgunea eta posta elektronikoa. Orain, pixkanaka, jakingo dute non gauden. Haurrentzako eta zaharrentzako jarduerak ere antolatu nahi ditugu, eta dagoeneko auzoan galdezka hasi gara, ea zer egitea nahiko luketen. Ideia asko ditugu, eta pixkanaka egoitza edukiz betetzen joango gara.
Zein arazo dituzue egun?
Auzoan ez dugu kirol gune publikorik, aldarrikapen gisa Kirolaren Eguna sortu genuen. Kutsadura akustiko handia dugu, saihesbidean, La Salleko aldean, pantailak jarri zituzten, baina hemen ez; eta 0-2 urte arteko eskolaratzea ere aldarrikatzen dugu, Haurtxoko edo dena-delako baten bidez. Erdialdera joateko ere arazoak ditugu, Egiako parkera doan zubiko egurrezko lurra oso irristakorra da, eta hainbat istripu egon dira, eta, gainera, sarrerak ordutegi zehatz bat du. Irekiera automatizatzea eta argiztapena hobetzea nahi dugu.