Txofre plazan egun osorako programa osatu dute.
San Tomas eguna Grosen. (Argazkia: Makoki)
Aurten 26 urte dira Grosen
San Tomas eguna ospatzen hasi zirenetik. Ohi bezala,
Txofre plaza izango da festaren erdigunea, eta egun osoko egitaraua eskainiko dute. Txistor usainak hartuko du plaza, 10:00etatik aurrera. Guztira 25 postu egongo dira.
Txalapartari, albokari, txistulari eta trikitilariek girotutako saio bat egingo dute; Urrats aisialdi taldeak haurrentzako tailerrak egingo ditu… Eguerdian Saralegi anaien ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da: motozerrarekin figurak egingo dituzte.
Mikel Carton auzotarrak zuzeneko bat eskainiko du, bertso triki poteoa egingo dute auzoan zehar… Gainera, txistorra ez ezik,
artisau produktuak eskuratzeko aukera ere izango da Txofre plazako postuetan: ogia, barazkiak, taloak eta hestebeteak.
Ibai Etxarrik Groseko San Tomas egunerako egindako kartela.
Arratsaldean ere festak aurrera egingo du Txofre plazan. Postu onenak sarituko dituzte: zerbitzua, euskara, dekorazioa eta txorimaloa baloratuko dituzte. Bertsoa eta musika uztartuko dituen emanaldi eder bat ere egingo dute.
Iñaki Apalategi, Manex Mujika, Jokin Labayen eta Jon Martin bertsotan ariko dira. Iker Iriarte ariko da gai jartzaile lanetan, eta
Iker Laurobak gitarrarekin lagunduko ditu bertsoak.
Sustrai Doinuak-ek haur eta gaztetxoentzako
dantza festa prestatuko du, eta
Tximeleta taldearekin erromeria egingo dute.
Zezensuzkoa irtengo da iluntzean, eta 21:30ean bukatuko da San Tomas eguna.
Kartel irudimentsu eta koloretsuak egin ohi dituzte Groseko San Tomas egunerako. Aurtengoa
Ibai Etxarri ilustratzaile intxaurrondotarrak diseinatu du. Joan den azarotik bere lanak IRUTXULOKO HITZAn argitaratzen hasi da.
GROS: SAN TOMAS EGUNEKO EGITARAUA
10:00 Egunaren hasiera
10:00 Postuen arteko lehiaketa
11:00 Txalapartari, albokari, txistulari eta trikitilariek giroturiko saioa.
11:30 Haurrentzat zuzenduriko tailerrak, Urrats taldearen eskutik.
12:00 Motozerrarekin egindako figurak eta harri jasotzaileak, Saralegi Anaien eskutik
14:00 Mikel karton kantautorearen emanaldia, Txofre plazan.
14:00 Bertso, triki-poteoa auzoko kaleetan zehar
15:30 Postuen arteko Sari banaketa
16:00 Bertso Musikatua: Iñaki Apalategi, Manex Mujika, Jokin Labayen eta Jon Martin bertsotan. Gai Jartzaile: Iker Iriarte. Gitarrista: Iker Lauroba.
17:00 Dultzaineroek girotutako Buruhandiak eta Erraldoiak.
17:00 Haur eta gaztetxoentzat dantza festa, Sustrai Doinuaken eskutik, txofre plazan.
18:30 TXIMELETA erromeria, Okendo Kultur Etxearen eskutik.
20:00 Zezensuzkoa.
21:30 Festaren amaiera.