Donostiako Europako Kultur Hiriburutzaren atariko urtea
Ia bost urte igaro dira Donostia Europako Kultur Hiriburu izango zela iragarri zutenetik. 2015. urtea hiriburutzaren atariko urtea izan da, eta programazioa osatuko duten egitasmo ugari aurkeztu dituzte antolatzaileek.
Urtarrilaren 20an ekingo diote hiriburutzaren hasiera ospatzeko prestatu duten programari, San Sebastian egunarekin. Inaugurazioko ekitaldi nagusia, berriz, urtarrilaren 23an izango da. Donostiarekin batera, Wroclawek (Polonia) hartuko die kultur hiriburutzaren lekukoa Pilsen (Txekiar errepublika) eta Mons (Belgika) hiriei.
Ia 500 kultur jarduera eskainiko ditu Donostiak 2016an, eta 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu programatu ditu.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondotik, Donostia 2016 patronatuan aldaketak izan ziren. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak ekainean egin zuen lehen bilera, eta “instituzioen arteko konfiantza berriz sortzea” jarri zuten helburu nagusi gisa.
Hiriburutzari lotutako diru kontuak ere hizpide izan dira aurten. Espainiaren diru ekarpenak sortu du tirabiera handiena. Martxoan, Juan Karlos Izagirre orduko alkateak ohartarazi zuen ministerioa ez zela ari bere konpromisoa betetzen. Esan zuenez, agindutako 11 milio eurotik, 1,5 baino ez zituen jarri. Apirilean baieztatu zuten Donostia 2016ko arduradunek Espainiatik ez zituztela 11 milioiak jasoko, eta ekarpena 4,2 milioi euro ingurukoa izatea espero zutela.
Urri amaieran, programazioa aurkeztearekin batera, 2012-1018 aurrekontua plazaratu zuen Donostia 2016k. Udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak hamabi milioi pasa jarriko ditu bakoitzak. Espainiak 4.550.000 euro, eta Europako Batasunak 1,5 milioi euro.