Lehen zerbitzuak hurrengo egunean, hilaren 16an, jarriko dituzte abian.
Autobus geltoki berria Atotxan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Autobus Geltoki berria urtarrilaren 15ean inauguratuko dute. Inaugurazio ofizialaren ondoren, herritarrek aukera izango dute geltoki berria ezagutzeko.
Autobus zerbitzua, ordea, hurrengo egunean jarriko dute abian, hilaren 16an. Hala erabaki dute gaur Donostiako Udal Gobernuak eta Gipuzkoako Aldundiak.
Era honetan, Pio XII.ren autobus geltokia itxi eta autobus zerbitzu guztiak Donostiako Autobus Geltoki berritik egingo dira hilaren 16tik aurrera. Egun horretan iritsi eta irtengo dira lehen autobusak.
Udalak bidali duen oharraren arabera, azken lanak amaituko dituzte egunotan, eta geltokia erabiltzen hasteko beharrezkoak diren tresna guztiak prest izango dira, baita geltokiaren azpiegiturak behar dituen egiaztapen teknikoak ere.