Zurriola hondartzatik udaletxerainoko bidea gamelu gainean egin dute; desfilea bulebarretik irtengo da, 18:00etan.
Lide Ferreira
Hondartzari keinu bat eginez, surf-ohol bana eskuan zutela iritsi dira Errege Magoak Zurriolara. Bertan, haur eta guraso ugari izan dituzte zain, pozez agurtu eta udaletxerainoko bidea beraiekin egiteko. Ibilbidea gamelu gainean egin dute hiru protagonistek. Orokorrean ongi ibili diren arren, Meltxor erregea bitan erori da lurrera, gamelura igo eta jaisterakoan. Hori bai, ez zaio ezer larririk gertatu eta umeak agurtzen jarraitu ditu.
Alderdi Eder ingurua ere umez lepo zegoen. Izan ere, erregeei harrera egin eta beraiekin egoteko ilara luzea sortu da udaletxearen aurrealdean. Ilaran lehenengoak zeudenak goizean goiz joan dira, 7:00ak aldera. Pixka bat atzerago zegoen familia bat Bartzelonatik etorri da Errege Magoak ikusteko asmoz. “Gure aiton-amonak donostiarrak dira, eta urtero hemen izaten gara desfilea eta erregeak ikusteko. Gaur gure gurasoak txandaka ibili dira 10:00etatik eta gu azken orduan etorri gara”, azaldu du Marina Sanchezek. “Une batzuetan hotza pasa dugu, eta euria ere egin digu, baina txandaka ibili gara eta ondo egon gara. Jada profesionalak gara!”, adierazu du algara artean neskaren aitak. Etortzen hasi zirenetik urtero jende berdinarekin elkartzen direla dio: “Ez gara urte osoan ikusten, baina urtean behin behintzat bai, beste mota bateko lagunak dira”. Marinaren lehengusu Cristina Llorentek Meltxorrekin egon da eta nahi dituen opari guztiak eskutitz batean bildu ditu: “Gauza gutxi eskatu dizkiot… Panpin bat nahi dut eta Just Dance jolasa. Nik uste dut ekarriko didala, ongi portatu naiz”.
Ilaran egon direnak erregeen arabera banatu dira eta beste ilara txiki batzuk egin dituzte beraiekin egoteko. Batzuk eskutitzak eman dizkiete; eta beste batzuek gauean jaso nahi dituzten opariak azaldu dizkiete. Erregeek gozokiak eta besarkadak eman dizkiete haur guztiei; eta laguntzaileek eskutitz guztiak jaso dituzte, haurren eskaerak ongi gordetzeko. Jon Pastor eta Naroa Otxotorena donostiarrak Meltxorrekin egon dira: “Ohera goiz joateko esan dit, eta eskutitza eman diot. Monolopi jolasa eskatu diot”, esan du Pastorrek aurpegian iribarre bat zuela. Azkenik, desfilera joateko udaletxe barruan sartu eta dena prestatzen ibili dira.
Desfilea, Erdialdeko kaleetatik zehar
Errege Magoen desfilea Bulebarretik irtengo da 18:00etan. Ibilbidea honakoa izango da: Bulebarra, Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta berriz ere Bulebarra. Gabonetako giroa pizteko lagunduko diete trikitilariek, txarangek, suhiltzaileek eta tren turistikoak. Dbuseko autobus hibrido batek ere parte hartuko du desfilean. 1.00 kilo gozoki banatuko dituzte.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea