Hiritar Merezimenduaren Dominak banatuko dituzte San Sebastian bezperan, arratsaldez, udaletxeko udalbatza aretoan; bost izango dira sarituak, eta Nazaret ikastetxea dago horien artean, bere jaiotzaren mendeurrenean.
Nereba Peña; Nazareteko zuzendariordea.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Udaleko dei bat jaso zuten Egiako Nazaret ikasgunean, eta 2016ko sarituen artean egongo zirela jakinarazi zion Eneko Goia alkateak Maria Jose Rabella zuzendariari. Pozez jaso dute albistea langileen artean, eta bertan izan da IRUTXULOKO HITZA zuzendariordearekin: Nereba Peña (Gros, 1968).
Emakumeei mekanografia eskolak emanez abiatu zen Nazaret, 1916an. Zer konta dezakezu sorrera hartaz?
Historia oso polita da. Duela ehun urte, emakume talde bat elkartu zen eta Nazaret sortu zuen, emakumeei prestakuntza eskaintzeko, Arrasate kalean. Emakumeek aurrera egitea nahi zuten, eta emakume langileen sindikatua izan zen hasieran. Hasierako ikastaroak mota askotakoak izan ziren, eta deigarria da nola duela ehun urte kezkatu ziren emakumeen prestakuntzaz; berritzailea zen garai hartarako. Ordura arte gizonezkoentzat zen ikasketen kontua. Beraz, aitzindariak izan ziren emakume horiek. Hortik aurrera, elkarteak aurrera jarraitu zuen prestakuntza ematen, eta, gizartea bilakatu ahala, behar berrietara egokitu zen, beste era bateko ikastaroak emanez. 1995ean, Arrasate kaletik Egiako egungo egoitzara aldatu ginen.
Noiz hasi zen irakaskuntza arautua eskaintzen?
Kutxako Gizarte Hezkuntza bihurtu zenean izan zen, 1960ko hamarkadan. Orduan, Arrasateko egoitza gehiago handitu zuten, hezkuntza arauturako aldaketa eginez. Lanbide Heziketako administrazio munduarekin hasi ziren, eta, gero, 1980ko hamarkadan, informatika sartu zuten, Lanbide Heziketarekin oso erlazionatuta, beti.
Duela hemezortzi urte inguru, neska-mutilei zabaldu genien, gaur egungo eskaintzarekin. Alegia, Batxilergoa eta goi mailako zikloak; administrazioa, merkataritza, marketing eta gizarte eremukoak. Eskolaren beste zati oso garrantzitsu bat helduentzako hezkuntza ez arautua da; eta hor dauzkagu etengabeko prestakuntza, enplegurako prestakuntza, birziklatze ikastaroak…
Zenbat irakasle eta ikasle mugitzen ditu eskolak gaur egun?
Irakaskuntza arautuan, gutxi gora-behera, 550 ikasle inguru ditugu, eta ez arautuan, ikasturtean zehar 3.000 ikasle igarotzen dira. Irakasleei dagokienean, 50 langile inguru gara.
Eskolak euskaraz eta gazteleraz ematen dituzue, ezta?
Batxillergoa D, B, eta A ereduetan dugu; eta Lanbide Heziketan, batzuk euskaraz, eta besteak, gazteleraz. Azken urteetan aurrerapausoak ematen ari gara eskola gehiago euskaraz edo euskarazko ereduetan emateko.
Badago bereziki arrakasta duen ikastaro edo zikloren bat?
Denak dira arrakastatsuak, eskola beteta daukagu. Baina, beharbada deigarriagoak dira marketinga eta gizarte integrazioa, gogoko dituzte gazteek. Hala ere, talde guztiak beteak dauzkagu.
Zein da egun Nazareten filosofia?
Gure helburua da kalitatezko prestakuntza profesional bat ematea. Ez gara hor geratzen, eta prestakuntza osoa hartzen dugu kontutan. Argi dugu ikasleak lan munduan arrakasta izateko prestatu behar ditugula, eta, era berean, txertatzen diren enpresa horietan ere euren ekarpena egiteko. Ikasleak titulua lortzea baino gehiago nahi dugu, erantzukizuna izango duten profesionalak; hala, gizarteari ere ekarpena egiteko. Ez ditugu bakarrik ikasleak laguntzen euren lehen lana bilatzen; euren ibilbidean ere laguntzen diegu. Gainera, enpresekin lotura betidanik izan dugu, ehun urteko historian. Horri esker, behar dutena dakigu eta egokitu egiten gara enpresen beharretara.
Etorkizunera begira zein erronka duzue?
Mendeurrena dela eta, hausnarketa egin dugu atzera eta aurrera begira; hurrengo ehun urteetan zer egingo dugun pentsatuz. Orain, metodologia berriak aplikatzen ari gara, gizarteak behar dituen konpetentziak hobeto lantzeko; eta Europako hainbat eskolekin harremanetan jarri gara. Gizartearen beharretara egokitutako kalitatezko prestakuntza ematen jarraitu nahi dugu. Beti egon da eskola enplegura begira, horretan jarraituko dugu, eta aldaketak egin beharko ditugu.
Nola jaso zenuten dominaren albistea?
Ni Baionan nengoen beste eskola batean, eta itzuleran jakin nuen. Ezusteko handia izan zen eta ilusioz hartu genuen. Urduritasun eta erantzukizun handiko une bat da, eta oraindik ez dugu erabaki nork jasoko duen.