"Gaztelaniaz hitz egiten dudan ezagunekin euskaraz egitea esperientzia martzianoa izan da"
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpaina abian da. Zortzi astez, martxoaren 12a arte, eguneroko bizitza euskaraz egingo dute hainbat eragilek auzoan, astebeteko txanden bitartez. Egia Bizirik auzo elkartea eta Trebeska dantza taldea izan dira lekukoa hartzen lehenak, Plaza Haundin egindako hasiera ekitaldian.
Esperientzia berritzat jo dute Egia Bizirik elkarteko kideek. Berdaitz Gurutzeagak azaldu du euskaraz hitz egin ohi duela gehienetan, eta beraz, berritasuna izan dela normalean erdaraz hitz egiten duen ezagun horiekin izan duen bizipena: “Gaztelaniaz hitz egiten dudan ezagunekin euskaraz egitea esperientzia martzianoa izan da. Lehen hitza euskaraz egitea izan da irizpidea. Eta honek ohitura aldaketa bat ekar dezake, eta hori ere nobedade bat da”.
Bere ingurukoei kanpainari buruz ez diela ezer esan azaldu du Gurutzeagak, baina arazorik ez duela izan azaldu du. Euskaraz hitz egiten ez dakitenekin oso oinarrizko euskara hitz egin duela azaldu du: “Egiako harakin batekin adibidez adostuta neukan nik euskaraz egingo niola, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun. Eta gustuz hartzen du. Ez gaude elkarrizketa elebidunak izatera ohituta, eta hori izan da berritasuna”.
Egia Bizirik-eko beste kide batek lankide batekin izan dituen elkarrizketa elebidunak azaldu ditu: “Lanera elkarrekin joaten gara auto berean. Nik euskaraz egiten diot, eta berak erdaraz. Egun batzuk geroago kontatu nion kanpainarena. Berak uste baino gehiago ulertzen du. Batzutan galtzen da ohiko elkarrizketa baten erritmo bizia, batak bestearen larruan jarri behar duelako”. Esperientzia polita dela azpimarratu du, eta faltan bota du “erdaldun-erdaldun horiengana” jotzea.
Trebeska taldeko bi kidek ere kontatu dute euren esperientzia. Lagun batzuekin gaztelaniaz egiteko ohitura zuela azaldu du batek, eta kanpainaren harira, euskaraz egin diela berriz: “Nik euskaraz egitean, beraiek ere euskaraz egin dute”. Ilusio handiarekin hasi dira, baina aitortu dute konturatu direla gaztelaniara jotzeko ohitura dutela, nahiz eta euskaraz egiteko aukera izan. Erdarara jotzen duten egoera horiek identifikatzeko ere balio izan die esperientziak.
Porrontxo jaietako kideek eta Antxeta Ttan Ttakunek hartuko zuten txanda joan den ostiralean, eta ondoren honako eragileek hartuko dute parte, astez aste: eskubaloi taldeak, haurguneak, haur txokoak, gaztelekuak, Lauaizetak, Sibiliak, Urzaleak, Tabakalerak, musika eskolak, Sortuk, Aitor ikastolak, Latxagak, Maria Reina ikastetxeak eta zenbait norbanakoek.
Martxoaren 12an, Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute, eta bizitzako esperientziak partekatzeko eta balorazioa egiteko unea izango da.
Kanpainaren jarraipena, Irutxuloko Hitzan
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpainaren jarraipen berezia egingo du Irutxuloko Hitzak, eta astero webgunean jasoko ditu kanpainan parte hartu dutenen esperientzia. Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpainaren harira blog bat sortu dute, eta bertan ere astero jasoko dituzte lekukotza guztiak.
Erlazionatutako edukiaMingaina dantzan jartzen hasi dira Egian