Amarako kaldereroak, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Hasieratik erabaki zuten kaldereroen kantak soilik euskaraz kantatzea, eta horrela egin dute 2003. urteaz geroztik. “Urte asko dira haurrek eskoletan euskarazko hitzak ikasi zituztenetik. Zergatik haurrek euskaraz eta helduok gaztelaniaz? Guk ere euskaraz abestu behar genituela erabaki genuen, eta orduz geroztik ez dugu gaztelaniaz kantatu”, azaldu dio Iñaki Goñi
Amarako kaldereroetako kideak Irutxuloko Hitzari.
Amaran jada entseatzen aritu dira, ostiralean dute azken entsegua, frontoian. Larunbat arratsaldean ehun bat lagun inguru aterako dira auzoko kaleetan zehar zartagin eta mailuak eskuan. Iaz bezala,
Morlansko hainbat auzotarrek ere bat egingo dute Amarako kaldereroekin, eta elkarrekin aterako dira Amaran. Hurrengo urtean, beharbada, Amarako kaldereroak Morlanstik abiatuko direla esan du Goñik.
Aurten ohiko ibilbideari eutsiko diote. Larunbatean San Roke plazatik irtengo dira 18:30ean. Handik Arroka plazara abiatuko dira, ondoren Easo kaletik joan eta Errege-erregina katolikoen kalera iristeko. Han askari txiki bat egingo dute indarrak hartzeko. Handik berriz Easo plazarantz joango dira, Moraza, Urbieta eta Pedro Egañatik pasa ondoren.
Goñik azpimarratu du Amarako kaldereroak auzolanean egiten direla, eta auzotarren esfortzuari esker lortzen dutela auzoko kaldereroen taldea mantentzea. Udalaren diru laguntza urtez urte txikitzen doala salatu du, eta jaiak finantzatzeko
zailtasunak dituztela: “San Martin egunean postua jarri ohi dugu, eta zozketak ere egin behar izaten ditugu dirua lortzeko. azken bost urtean asko asko jaitsi da”.
Kaldereroen egitarauak ikusi auzoz auzo.