Tabakalerako laborategi programa berria abian da
Jardun zinematografiko eta ikus-entzunezkoen inguruko laborategi egitarauaren lehen saioa egin dute asteburuan.
Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak praktika zinematografikoa eta ikus-entzunezkoen inguruko laborategi programa berri bat jarri du abian. Honek sorkuntza garaikideko ikus-entzunezkoen narratiba berriei buruzko hausnarketa bultzatzea du helburu, baita ezagutza praktika eta teorikoa helaraztea ere.
Urtean zehar garatuko diren laborategi ezberdinak eskaintzeko, nazioarteko nahiz bertako profesionalak gonbidatuko ditu Tabakalerak, euren sormen prozesu eta esperientziak partekatu ditzaten tailerreko partaideekin.
Honela, ikus-entzunezkoa ikusi, pentsatu eta sortzeko espazio berria ekarriko dute tailer hauek; finean, irudi mugikorraren alorrean sormenerako testuinguru berria eskaini nahi du proiektuak, Tabakalerak kontuan hartzen duen praktika garaikidea delako ikus-entzunezkoarena.