Ustekabeko opera emanaldia
Opus Lirica elkarteak opera kalera atera du, eta herritarrengana gerturatu dira.
Opera ikustera ohituta ez dauden ikusleak ere animatu nahi dituzte, eta publiko zabalago batengana iristeko lan eta lan ari dira Opus Lirica elkarteko kideak. Asteburuan Giussepe Verdiren La Traviata opera interpretatuko dute Kursaalen – hilaren 19an, 20:00etan eta hilaren 21ean, 19:00etan-. Bi emanaldi egitearekin batera, Ramon Gener – This is Opera saioko aurkezlea- abeslariaren hitzaldi bat emango dute ostiralean, eta azpidatziak irakurtzeko betaurrekoak banatuko dituzte emanaldian. Operaren historian gehien interpretatu den obra da La Traviata; drama erromantikoak entzule asko erakarri ditu, eta inoiz baino sarrera gehiago saldu dituzte.
Joan den asteburuan hainbat herritar harrituta utzi dituzte. Opera kalera atera dute, eta ustekabeko emanaldiak egin dituzte Parte Zaharrean. Bretxako merkatuan eta Santa Maria elizako atarian izan dira, besteak beste. Ainhoa Garmendia sopranoa eta Matteo Mezzaro tenorearen ahotsekin gozatu ahal izan dute herritarrek.