Uliako parkea babesteko kanpainak 1.000 sinaduratik gora lortu ditu
Atzo, asteazkena, abian jarri zuten kanpaina; eta ordu batzuetan babes zabala izan du.
Uliako parkea babesteko sinadurak biltzen hasi ziren, atzo, asteazkena, eta dagoeneko 1.000tik gora lortu dituzte. Kanpainak aurrera darrai, eta orain 1.500 sinaduraraino igo dute helburua, Change.org plataformaren bitartez. Bestalde, Facebook bidez ere babes eskaera zabaldu eta kanpainaren berri ematen hasi dira. Auzo elkarteko kideen arabera, Uliako ingurumen ondarea ezagutaraztearekin batera, herritarren babesa lortu nahi dute, lorategietan etxebizitzarik eraiki ez dadin.
Uliako parkean 70 apartamentu egin ahal izateko lehen urratsak egiten hasi da Donostiako Udala. Mintegietan etxebizitzak egiteko asmoa aspaldikoa da, eta urte luzez geldirik egon bada ere, mahai gainean dago berriro gaia. Horrek uliatarren ezinegona piztu du eta euren kezka adierazi dute. Agerraldi baten bidez, auzo elkarteko hainbat kidek argi adierazi zuten ez zutela inolako hirigintza proiekturik onartuko; udal gobernuaren erabakiari aurre egiteko prest agertu dira.
Uliako lorategietan bertan, etxebizitzak egitea aurreikusi duten gunean bildu da IRUTXULOKO HITZA hainbat uliatarrekin. Ostiraleko papereko edizioan proiektuaren xehetasunak eta bizilagunen kezkak irakurtzeko aukera izango da.