Zu ere nomofobikoa al zara?
'Sarean kateatuak' estreinatu dute Poltsiko Antzerkian, arrakasta handiz.
Kalera mugikorrik gabe ateratzen bazara, urduri jartzen zara? Mugikorra itzali behar duzunean, zinean edo ospitalean adibidez, kontzentratzeko arazoak dituzu? Bateria bukatzeak ezinegona eragiten dizu? Nomofobikak taldearen laguntza behar duzu! Sarean kateatuak antzezlana estreinatu dute Poltsiko Antzerkian. Terapia bat egiten dute publikoarekin batera, umore dosi handi batekin.
Amaia Lizarralde, Belen Cruz eta Olatz Beobide dira obraren sortzaileak. Obraren proiektua aurkeztu zuten Poltsiko Antzerkian, eta sorkuntza saria irabazi zuten. Hainbat lagunen elkarlanari esker, aurrera atera dutela azaldu dute. Bakarrizketak, sketxak eta umore asko eta asko nahastu dituzte.
Mugikorrekin eta sare sozialekin dugun menpekotasunaz ari dira antzezlan honetan, hiru aktoreek interpretatzen dituzten hainbat pertsonaien bidez. Publikoari berari, nomofobia maila neurtzeko galdetegi bat banatzen diote. Atzo Saguesen, Scanner tabernan, estreinatu zuten obra, eta harrera bikaina izan zuen.
Gaur Intxaurrondoko Sidi Kauki tabernan ariko dira, bihar Añorgako Jolas Etxean eta igandean Egiako Le Bukowskin ariko dira.