2017. urte erdialderako abian izango dira.
Morlansko zubipetik abiatuko da Aietera igotzeko igogailu inklinatua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako udala, hiriko auzo edo gune garaienetara heltzeko mugikortasun bertikala lantzen hasi da. Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak lehen proiektua aurkeztu dute: Morlan eta Aiete lotzeko bi igogailu egingo dituzte.
Lehen igogailua 143 metroko igogailu inklinatu bat izango da. 25 pertsonarentzako edukiera izango du eta
1’12 minutu beharko ditu Morlans -Izostegi pasealekuko zubiaren azpialdea- eta Melodiko biribilgunea lotzeko.
Bigarren igogailua, metro batzuk harago hartuko litzateke,
Pio Baroja kalean, eta Aiete pasealekuraino igoko litzateke; osasun etxe berria egingo duten pareraino. 10 metroko altuera izango du igogailu honek.
Pilar Aranak azaldu duenez, bi igogailuen artean 3.700 donostiarri emango zaie zerbitzua, 1,3 kilometroko eremuan. Gunearen arabera,
Aietetik Amarara 15 bat minutuan jaisteko moduan izango dira bizilagunak.
Igogailuen proiektua landua du udalak aurrez ere, baina gaur aurkeztu duten proiektua berria da. Alkateak azaldu duenez, lehen aldia da igogailu inklinatuaren aldeko hautua egiten dutena. Inbertsioa eta mantenua ere garestiagoak izango badira ere, “aukerarik egokiena” izango dela uste dute;
1,2 milioi euroko kostua izango dute bi igogailuek.
Proiektua garatzen hasi dira, eta ondo bidean, aurten lanekin hasteko moduan izango direla uste dute udal ordezkariek; 2017. urte erdirako igogailuak abian izatea espero dute.