Beste auzoetako bizilagunen babesa jaso dute uliatarrek
Biharko udalbatzarrera joango dira, parkea babesteko eskatzera.
Eneko Goia alkateak argi adierazi zuen atzo prentsaurrean proiektuak ez duela atzerabueltarik, eta etxeak egitea bateragarria dela parkean garatzen den proiektuarekin. Aurreikusitako 70 etxebizitzek lorategien herena hartuko lukete, eta gainerakoa orain arte bezala kudeatzeko aukera lukete uliatarrek.
Asmo horiekin ez daude konforme, ordea, Uliako bizilagunak, eta bereziki minduta azaldu dira alkatearen adierazpenekin. Uliakoa “bizirik dagoen parke bat” dela nabarmendu dute, eta erabat boluntarioki garatu duten proiektua defendatu dute. “Ezjakintasunean oinarritutako adierazpenak” egitea egotzi diote alkateari.
Ideia horiek berak defendatu dituzte Uliako auzo elkarteko kideek gaur, udaletxean egindako agerraldi batean. Legezko bide guztiak agortuko dituztela esan du Felix Soto uliatarrak, esaterako. Udal gobernuaren jarrera “ulergaitza” dela nabarmendu du.
Uliatarrek beste auzo batzuetako ordezkariekin agertu dira gaur prentsaurrera. Euren babesa adierazi diete horrela. Han izan dira, Bidebieta, Intxaurrondo, Egia, Gros, Parte Zaharra eta Amarako ordezkariak. Eta baita SEO-Donostia, parkeko hegaztien bilduma osatzen ari den ornitologia elkarteko kideak ere.
Biharko udalbatzarrera joango direla ere iragarri dute Ulia auzo elkarteko kideek.
Biharko udalbatzarrean irekiko zaio bidea Uliako mintegietako hirigintza proiektuari.