Aingeru Zaindarira igoerak hasiera emango dio Challenge Gipuzkoari, martxoaren 5ean, Ibaetako jaien barruan. Bi lasterketa berri proposatuko dituzte aurten, bata Altzan eta bestea Pasai Antxon

Korrikalariak, Jolastokietako jaietako lasterketaren irteeran. (Argazkia: Trintxerpeko Atletiko Kluba)
Astebete besterik ez da geratzen Challenge Gipuzkoaren 14. ekitaldiari hasiera emateko. Ibaetako jaietako krosarekin ekingo diote denboraldiari korrikalariek, martxoaren 5ean. Lehen proba honetarako izena ematea irekita dago jadanik, Herrikrosa.eus plataforman.
Hamahiru lasterketa izango ditu aurtengo Challengeak, martxoa eta urria bitartean. Berritasunak ere ekarriko ditu, bi lasterketa berri proposatuko baitituzte antolatzaileek: Markel Txapeldun Oroigarria eta Mugen Lasterketa. Challenge Gipuzkoako arduradun Gabriel Vieirorekin (Trintxerpe, 1968) bildu da Irutxuloko Hitza, berritasunei eta denboraldiari buruz hitz egiteko.
Ekainaren 4an jokatuko dute Markel Txapeldun Oroigarria, Altzan: «Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea da Aspanogi, eta elkartearen aldeko lasterketa izango da. Markel Arriberrin bizi zen, nire kale berean, eta minbiziz hil egin zen. Haren aitak egin nahi izan du lasterketa. Altzan bertan izango da, eta Auditz Akularren ingurutik igarotzen zen lasterketaren antzeko ibilbidea berreskuratuko dugu».
Vieirok esan du lasterketa hori salbuespen bat izango dela, gainontzekoetan bildutako dirua gastuak eta sariak ordaintzeko baliatuko dutela, ohi bezala. Horrenbestez, Challengek duen berezitasun bati eutsiko diote; izena ematearen prezioa inguruko lasterketena baino apalagoa izatea: «2003. urteaz geroztik antolatzen dugu Challengea, eta urte hauetan guztietan 1,5 euroko igoera besterik ez dugu egin. Herri lasterketak bultzatu nahi ditugu; ibilbide egingarriak proposatzen ditugu horregatik. Era berean, emakumeen presentzia sustatzea da gure asmoa».
Mugen Lasterketa izango da egutegiko beste berritasuna. Urriaren 1ean egingo dute, Pasai Antxon, eta Challengearen azkenaurreko proba izango da.
Hain zuzen ere, Martuteneko Jaietako Krosak bukaera emango dio denboraldiari, urriaren 12an, Pilar egunean. Hala egin dute Challengea sortu zutenetik, baina aurtengo lasterketa berezia izango da: 25 ekitaldi beteko baititu Martuteneko probak. «25 txuleta eta 25 ardo botil banatuko ditugu korrikalarien artean, urtemuga ospatzeko», aurreratu du Vieirok.
Lasterketa berriak daude, baina agur esan dutenak ere badaude. Egutegian ez da Sudur Krosa egongo, azken unera arte lasterketa desagertzeko arriskuan egon delako. Azkenean, Donostiako Piratek hartu dute bere gain antolakuntza, baina, ordurako, Challengearen egutegia itxita zegoen.
Dortsal bakarra, 55 euro
Aldez aurretik eginez gero, izena emateko garaian 6,5 euro ordaindu beharko dituzte korrikalariek lasterketa bakoitzean –10 euro Pasaiako Mendi Lasterketarako, segurua dela eta–; 55 euro, dortsal bakarra eskuratuz gero. Dortsal honek lasterketa guztietan parte hartzeko aukera ematen du, baita denboraldi bukaerako zozketarako ere. Gutxienez, hamaika proba egin beharko dituzte horretarako.
Irutxuloko Hitzak babestuko du Challenge zirkuitoa. Hain justu, Donostian egiten diren lasterketetan, auzoko lehen gizonak eta emakumeak astekariaren urtebeteko harpidetza jasoko du sari gisa.
Challenge Gipuzkoa, lasterketak
Ibaetako XIII Jaietako Krosa. Martxoaren 5a, 17:00etan, Ibaetan, Ibaetako jai batzordeak antolatuta. 6.180 metro. Asfaltoa. Aingeru Zaindariaren elizan jarriko dute helmuga, 800 metroko aldapa gogor baten bukaeran, %14ko maldekin. Azken kilometroan sartu aurretik, bi itzuli emango dizkiote auzoari.
Pasaiako IX Mendi Lasterketa. Apirilaren 16a, 17:00etan, Pasai San Pedron, Trintxerpeko Atletiko Klubak antolatuta. 13.000 metro. Asfaltoa, hormigoia eta mendi bidea. Pasai San Pedroko frontoitik irten, hilerriko eskaileretatik igo eta itsasargiraino abiatuko dira korrikalariak. Bertan, Uliako mendi bidean barrena sartuko dira, Herri Ametsa ikastolaruntz, itsasargiaren errepidera itzultzeko. Bi itzuli emango dizkiote mendiko ibilbideari, Pasai San Pedroko frontoira bueltatu aurretik, hilerriko eskaileretatik behera. 450 metro inguruko malda gainditu beharko dute, zailtasun tekniko handiegirik gabe. Oso lasterketa aproposa da mendiko probekin hasteko.
I. Markel Txapeldun Oroigarria. Ekainaren 4an, 17:15ean, Altzan, Trintxerpeko Atletiko Klubak antolatuta. 6.500 metro. Asfaltoa eta hormigoia. Kaskoan eta Auditz Akularren barrena ibiliko dira, bi itzuli emanda. Malda gogor bati ekin beharko diote itzuli bakoitzean, %15ekoa.
Herrerako XXXVI Jaietako Krosa. Ekainaren 12an, 10:30ean, Herreran, Herrera Kirol Elkarteak antolatuta. 6.000 metro. Asfaltoa. San Luis plazan du helmuga, eta lau itzuli emango dizkiote zirkuito motz baina gorabeheratsu bati.
Trintxerpeko XXVII Krosa. Uztailaren 17an, 10:15ean, Trintxerpen, Trintxerpe Atletiko Klubak antolatuta. 5.000 metro. Asfaltoa. Lasterketa motza, baina oso bortitza, ez baitago ia gune laurik. Euskadi etorbidetik Trintxerpeko goikaldeko auzora abiatuko dira korrikalariak, Euskadi etorbidera ziztu bizian berriro bueltatzeko; maldan behera, kasu honetan. Bi itzuli emango dizkiote ibilbideari.
Astigarragako XIV Jaietako Krosa. Uztailaren 23a, 17:00etan, Astigarragan, Trintxerpeko Atletiko Klubak antolatuta. 7.300 metro. Asfaltoa. Lasterketa gorabeheratsua. Hiru itzuli emango dizkiote maldaz zipriztindutako ibilbide bati; Astigarragako parkeko aldapa, kasu. Erlojua lehen itzulia bukatuta jarriko dute martxan epaileek ofizialki, neutralizatuta egin ohi dituztelako lehen bi kilometroak.
Loiolako XXXI Jaietako Krosa. Uztailaren 31, 10:30ean, Loiolan, Hontza Elkarteak antolatuta. 6.400 metro. Asfaltoa. Lasterketa azkarra. Bi itzuli emango dizkiote auzoari, kaskotik Martuteneko kartzelara doan bidetik, koartelaren ondotik eta bidegorritik igaro eta gero. Lasterketa guztiz laua.
Adunako Kros Herrikoia. Abuztuaren 7an, 11:00etan, Txulobi elkarteak antolatuta, Adunan. 4.500 metro. Asfaltoa. Lasterketa motza eta gorabeheratsua. Lau itzuli emango dizkiote ibilbideari, korrikalariak igo eta jaitsi ibili ostean, atsedenerako tarterik gabe.
Jolastokietako XXXI Jaietako Krosa. Irailaren 10a, 17:30ean, Larratxon, Trintxerpeko Atletiko Klubak antolatuta. 4.500 metro. Asfaltoa. Hiru itzuli emango dizkiote ibilbide gorabeheratsu bati.
Porrontxo XIX Jaietako Krosa. Irailaren 17an, 20:00etan, Egian, Porrontxoetako jai batzordeak antolatuta. 6.000 metro. Asfaltoa. Jaitsieran egingo dituzte lehen metroak, baina gero gora egin beharko dute Egiako kale malkatsuenetatik. Bi itzuli emango dizkiote ibilbideari. Aurten, ez dira Mundaizetik igaroko.
Zilarraren Itsasargira XVI Igoera. Irailaren 24a, 17:30ean, Pasai San Pedron, Trintxerpeko Atletiko Klubak antolatuta. 4.400 metro. Asfaltoa eta hormigoia. Pasaiako Mendi Lasterketaren ibilbide bera egingo dute itsasargiraino, eta, behin bertara iritsita, buelta eman eta behera jaitsiko dira. Lasterketa bortitza, malda gogorrekin; hilerriko bidea eta itsasargira doan errepidearen arteko zatia, batez ere.
I. Mugen Lasterketa. Urriaren 1a, 17:00etan, Pasai Antxon, Trintxerpeko Atletiko Klubak antolatuta. 6.600 metro. Asfaltoa, hormigoia eta pista. Pasai Antxon hasi eta bukatuko dute, Artxipi bidetik eta ingurutik igaro eta gero. Gorabeheratsua.
Martuteneko XXV Jaietako Krosa. Urriaren 12an, 10:00etan, Martutenen, Trintxerpe Atletiko Klubak antolatuta. 6.600 metro. Asfaltoa. Lasterketa azkarra. Hiru itzuli emango dizkiote auzoari. Ibilbidea guztiz laua.