Haur bat, sagarren artean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Euria eta hotza egin du larunbatean, baina Aieten goxo goxo egoteko aukera izan dute auzotarrek, Lantxabe auzo elkartearen eskutik. Hain zuzen ere, Katxola baserria babesleku izan dute, denboraldiko sagardo berria dastatzeko ekitaldia dela eta. 19:00ak aldera egin dute txotx, baina ordu eta erdi lehenago hasi dira bertaratzen lehen aietearrak, baserrian dagoen erakusketa iraunkorra eta dolarea bertatik bertara ezagutzeko. Munto baserri historikoaren hainbat tresna daude ikusgai, baita dohaintzan emandako beste hainbat objektu ere. Erakusketaz gain, haurrentzat jarduerak antolatu dituzte baserrian, eta txalapartariek, trikitilariek eta bertsolariek arindu dute itxaronaldia.
Azkenean, eguneko hitzordu nagusia iritsi da, eta, Eneko Goia alkatearen eskutik, txotx egin dute. Bere ondoan izan dira omendutako lau emakume: Joakina eta Juani Urrestarazu, Mari Carmen Illarreta eta Kontxi Laso.
Katxolak ekoitzitako sagardoaren prozesua irailean abiatu zuten, sagarrak biltzen, auzolanean. Urrian, zukua atera zuten, eta barrika txiki bat bi hilabetez izan zuten irekita. Azukrea alkohol bilakatu zutenean, kupela itxi zuten, karbonikoa sortzeko. Orain, sagardoa dastatzeko garaia iritsi da.