Jazzaldirako sarrerak salgai daude
Otsailaren 26an hasi zen jaialdiko sarreren salmenta.
51. Jazzaldiak izen klasikoak eta proiektu abangoardistak ekarriko ditu uztailean. Mota guztietako entzuleentzat egindako egitaraua izango dela adierazi dute antolatzaileek. Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis, Brad Mehldau, John Scofield, Jan Garbarek eta Marc Ribot-i, Cyrus Chestnut, Snarky Puppy, Charles Bradley, Terje Rypdal, Jerry Bergonzi, Ellis Marsalis, Jack DeJohnette, Jose James, Steps Ahead eta Bobo Stenson gehitu zaizkie orain, beste askoren artean.
Jazzaldiaren inaugurazioa, uztailaren 21ean
Lehen egunean, uztailaren 21ean, Jazz Band Ball-a ospatuko da Zurriolako Hondartzan eta Kursaaleko Terrazetan. Egun horretako izarra Gloria Gaynor abeslaria izango da, dudarik gabe, benetako erreferentzia afroamerikar kantagintzaz ari bagara. Gauerdian, funkeko mitoetako bat izango dugu, pieza arrakastatsu asko eta asko plazaratu dituen talde bat eta “vocoder”-aren erabileragatik ospetsu egin zena: The Zapp Band, Europan oso noizik behin eskaintzen dituen emanaldietako batean.
Beste agertoki batzuetan, gau horretan bertan, “luxuzko artistak” izango ditugu. Hiru super-musikarik osatutako hirukoa: Cyrus Chestnut, Buster Williams eta Lenny White; Marc Riboten azken proiektua, joan zen udazkenean Kursaalen arrakastaz eskaini zena, Filadelfia Soinuari omenaldia egungo jazzeko gitarrista garrantzitsuenetako baten eskutik, Marc Ribot, Ornette Colemanen laukote bikoitzetako bi kide lagun dituela, Jamaaladeen Tacuma eta Calvin Weston; beste gitarra-jole handi bat, Terje Rypdal ipartarra, power-jazzeko Elephant Nine taldeak laguntzen diola; John Nemeth, amerikar blueseko izarra, Amerikako Estatu Batuetako hiri euskaldunenetako batean jaioa, Boisen (Idaho); eta jatorriz antillarra den Tricia Evy abeslari frantsesa.
Trinitate Enparantza
Uztailaren 22tik hasita, Jazzaldiaren agertoki garrantzizkoenak jazzeko lau saio bikoitz “paregabe” eskainiko ditu. Hasteko, Marsalis familiako bi izar. Ellis, aita, izango da lehen saioko protagonista, bere laukotearen buruan, eta ondoren, Branford Marsalis handiaren txanda izango da, jazzeko kantari miretsienetako bat bere taldean duela: Kurt Elling.
Uztailaren 23an, larunbata, jazz garaikideko bi erreferentzia. Lehendabizi, Jack DeJohnette bateria-jotzaile eta pianistaren hirukoa, Ravi Coltrane saxofoilaria barruan dela. Gaueko bigarren saioan, berriz, Steve Coleman saxofoilariaren 5 Elements taldea izango dugu. Esan behar da Steve Coleman Jazzaldiak bere ibilbide oparo guztian jarraitu izan duen musikaria dela.
Uztailaren 24an, igandea, azken garaiotan estiloa markatzen ari den beste abeslari baten kontzertuarekin hasiko da saioa, Jose James, zeinak Billie Holiday handiari eskaini dion diskoa aurkeztuko baitu. Haren atzetik, talde mitiko bat, Steps Ahead, bere liderra, Mike Mainieri bibrafonista, buruan duela eta aparteko ospe eta kalitateko musikariz osatutako formazioarekin: Eliane Elias, Marc Johnson, Donny McCaslin eta Billy Kilson.
Azkenik, astelehenean, uztailak 25, Trinitate Enparantzan, Diana Krall jazzeko diva handia ikusiko baitugu oholtzan, bere laukote berriarekin. Aurretik, gaur egungo musikari sentikor eta lirikoenetako baten emanaldia entzuteko aukera izango dugu, Bobo Stenson suediarrarena, hain zuzen.
Kursaala
Kursaal Auditoriumean, lau kontzertu handi artista ezagunen eskutik: lehenik, uztailaren 22an, Brad Mehldau, John Scofield eta Marc Guiliana bateria gazteak osatutako hirukoa. Hurrengo egunean, uztailak 23, gora datorren izen bat, dagoeneko benetako izar bilakatu dena Europako hainbat herrialdetan, Ibrahim Maalouf tronpetaria bere proiektu elektrikoarekin. Igandean, Europako jazzeko musikari gailenetako bat, Jan Garbarek norvegiarra bere taldearekin, non Trilok Gurtu indiar perkusionistak joko baitu. Amaitzeko, uztailaren 25ean, Kursaal Auditoriumean, amerikar jazzean gero eta izen handiagoa duen artista bat, New Orleanseko Christian Scott tronpetaria bere proiektu berriarekin, 9 musikari agertokian direla.
Aurretik iragarrita zegoen aurten Donostian ospatuko dela, Jazzaldiarekin batera, 12 Points lehiaketa, non Europan ospea hartzen ari diren talde interesgarrienetako 12k hartuko baitute parte. Viktoria Eugenia Antzokian eskainiko diren emanaldi horiekin batera (oraindik programa guztiz zehaztu gabe dago) uztailaren 20, 21, 22 eta 23an, jam-saioak eskainiko dira Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan, eta bizikidetzak eta hitzaldiak egongo dira Viktoria Eugenia Klubean.
Viktoria Eugenia Antzokia
Viktoria Eugenia Antzokiaren programazioan bi emanaldi izango dira. Uztailaren 24an, Bertsoa & Jazza formatuko saio berri bat izango dugu, zeina duela hamar urte baino gehiago estreinatu baitzen agertoki berean. Eta uztailaren 25ean, 17:30ean, europar jazzeko talde original, sortzaile, definiezin eta jenialenetako baten emanaldia: Lyondik datorren La Marmite Infernale.
San Telmo Museoa
Aurten Jazzaldiak berritasun garrantzitsu bat dakar: San Telmoko Eguerdiak. 5 kontzertu izango dira eguerdiko 12:30ean kalitate eta heterogeneotasun handiko bost proposamenekin. Hilaren 21ean izango da lehena 2015eko euskal jazzeko proiektu batekin, Ainara Ortega donostiar abeslariaren taldea. Eguerdiko saio horietako bigarrena Mikel Andueza saxo altu bikainak protagonizatuko du. Bere disko onenetako bateko piezak –2015ean argitaratu zuen– entzuteko aukera eskainiko digu, bere seikote propioa distira handiz zuzentzen duela.
Larunbatean, hilak 23, saxofoilari bat banda bikain batekin: Jerry Bergonzi saxo tenorra, jazz garaikideko mitoetako bat bere laukotearen buruan, beste batzuen artean, Perico Sambeat valentziarrak laguntzen diola. Igandean, uztailak 24, elezaharretako beste talde baten txanda izango da, Lyongo Workshop taldearena, Europako jazz garaikideko banda interesgarrienetako bat izateaz gainera, bizi luzeenetakoa duena, ia 50 urteko ibilbidea baitarama. Hor jo izan dute Frantziako bakarlari garrantzitsuenetako batzuek eta herrialde horretako jazzaren ordezkari nagusietako bat izaten jarraitzen du. Kontzertu erakargarri hauek amaitzeko, hilaren 25ean, astelehena, jazz onena eta flamenko instrumental onena uztartzen dituzten hiru musikari handik osatutako hirukoa: Josemi Carmona gitarrista, Javier Colina baxu-jotzailea eta Bandolero perkusionista.
Hondartzako agertokia
Uztailaren 21ean Gloria Gaynor eta The Zapp Band-ek inauguratuko dute Zurriola hondartzako agertokia. Hurrengo egunetako programazioan askotariko estiloak entzuteko aukera izango da. Uztailaren 22an, saioa 21:00etan hasiko da Ryley Walker gitarra-jole eta abeslariaren emanaldiarekin. Folkaren eta rockaren artean mugitzen den musikari honek baladaz eta pieza elektrikoz jositako errepertorioa du. Gauean, Snarky Puppy taldeak joko du; aurten Grammy sari bat irabazita, R&B instrumentaleko talde indartsu, gazte eta asmamen handienetakoa dutenen artean ditugu.
Uztailaren 23an, larunbata, azken hilabeteotan eskaera handienetakoa duen euskal talde baten txanda izango da, Rural Zombies. Gauerdian, berriz, Nick Waterhouse-k R&B zaharraren sentsibilitate eta indar guztia eskainiko du. Agertokiaren programazioa hilaren 24an itxiko da bi proposamen desberdinekin: 21:00etan, Grupo Fantasma, Amerikako Estatu Batuetan proiekzio handienetakoa duen banda latino bat. Austinen (Texas) egoitza duten musikari latinoz osatutako banda zoragarri bat da, talde mitikoenen ahalmen eta erritmo guztia berarekin duena. Eta mitoez ari garela, nor hoberik Charles Bradley soularen erregea baino, kantari honek, izan ere, bere ahotsarekin eta ahalmen eszenikoarekin, soularen urrezko urteak ekartzen dizkigu gogora.
Sarreren salmenta
Sarrerak salgai daude dagoeneko Heinekenjazzaldia.com webgunean eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan (11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara)