Alderdi Ederreko bidegorria kenduko dute
Kalapiek begi onez ikusi du erabakia, baina beste puntu kritikoago batzuk daudela adierazi du.
Oinezkoentzako espazio bat berreskuratzea da helburua. Hala adierazi du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Gaur egun bi bide daude Andia kaletik Bulebarrera edo udaletxe atzetik portura iristeko. Bata, Kontxa pasealekutik, Alderdi Ederreko karruselaren albotik igarotzen dena, Nautikotik porturaino doana. Beste bidegorria, berriz, Andia kaletik Hernani kalera eta udaletxe kantoitik Bulebarrera doana.
Kontxa pasealekuko bidegorrian, Alderdi Ederreko zatian, oinezkoen eta bizikleta erabiltzaileen arteko talkak sortzen direla jakinarazi du Aranak. Batez ere, karruselaren inguruan, familia asko pilatzen direlako.
Gainera, bidegorri zati hori oso jende gutxik erabiltzen duela nabarmendu du Aranak, eta kentzea erabaki dute: “Berrantolaketa bat egin dugu bidegorri sarean. Oinezkoentzako espazio bat berreskuratuko dugu horrela, segurtasunean eta lasaitasunean irabaziz, eta bizikleten erabitzaileek ere ez dute eragozpenik izango, ia bide bera egiten duen beste ibilbide bat badutelako”.
150 bat metro bidegorri dira kenduko direnak, eta berehala hasiko dira lanekin. Aste Santurako egokitzapena egina egongo da.
Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak begi onez ikusi du eremu horretan oinezkoei lehentasuna ematea, eta bidegorria kentzea. Halere, oinezkoen eta txirrindularien arteko talka dagoen gune gehiago daudela azaldu du Gorka Hoyos elkarteko presidenteak, eta Alderdi Ederrekoak baino puntu kritikoagoak direla esan du. Kursaal zubian eta Kontxa pasealekuan ere konponbideak bilatu behar direla esan du. Gaineratu du eztabaidaren oinarria ez dela oinezko eta txirrindularien bizikidetza, espazio publikoa bera baizik. Espazio publikoan txirrindulariei eta oinezkoei lehentasuna emateko beharra azpimarratu du.


