"Gure historiako urterik baikorrena izan da"
Stop Kaleratzeak taldeak iaz lortutako emaitzen errepasoa egin du.
Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeak 2015eko balantzea egin du gaur goizean, prentsaurreko jendetsu batean. Izan ere, kaltetu eta elkarteez gain, sindikatuak eta alderdi politiko batzuetako ordezkariak ere gerturatu dira Bulebarreko kioskora.
Hasteko, data jarrita zuten bi kaleratze agindu eta hamar enkante bertan behera utzi dituzte, “finantza erakundeen aurrean gauzatutako herritar mobilizazio eta zenbait alkateen bitartekaritzari esker”.
Bestalde, enkanterako eguna oraindik jarri gabe zuten beste hamasei hipoteka betearazteko salaketa ere gelditu dituzte, plataformaren zerbitzu juridikoen bitartez.
Gainera, zailtasun ekonomikoak bizi dituzten “fede oneko zordunekin” maileguen 30 berregituratze negoziatu dituzte. Esaterako, lortu dute euribor +1 0,25eko tasa minimoak bost urtez interesak bakarrik ordaintzea, edo etxebizitza ordainetan ematea.
Orotara, 150 kaltetu baino gehiago pasa dira azken urtean Gipuzkoa osoko zazpi plataformetatik.
Hortaz, datuak oso baikortzat jo dituzte: “Gure historiako urterik baikorrena izan da; horrelako mobilizaziorik gabe, ez genituzke emaitza hain onak lortuko; beraz, etengabe jarraituko dugu egoera guzti hauek konpontzen”, nabarmendu du Stop Kaleratzeak plataformako kide Joseba Salegik.


