'Maitasunaren ostean, maitasuna' obrak irabazi du Donostia Antzerki Saria
Ados Teatroaren antzezlana martxoaren 27an eskainiko dute, Viktoria Eugenia Antzokian.
XVI. Donostia Antzerki Sariak badu irabazlea: Maitasunaren ostean, maitasuna. Ados Teatroak ekoitzitako antzezlana Garbiñe Losadak zuzendu du eta honako aktoreak aritzen dire taula gainean: Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar. Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak banatzen duten urtero saria, eta honakoa jasoko dute irabazleek: 10.000 euro (8.000 euro orain eskuratuko ditu, eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2018. urtea bukatu aurretik euskarazko antzezlan berri bat eskaini beharko du Donostian) eta eta Baroja Colleten artelana. Ikuskizun berri hori prestatzeko bi aste egingo dituzte sarituek Harri Xuriko ekoizpen gunean, gastu guztiak ordainduta.
Aurreko urtean Donostian estreinatutako antzezlanen artean egiten du aukeraketa sariketak, eta hamazazpi lan zituzten aukeran; eta, tartean, Hika, Borobil zein Huts konpainien ikuskizunak zeuden. Maitasunaren ostean maitasuna 2014ko martxoan eskaini zuten lehen aldiz, gazteleraz, dFerian; eta euskaraz, berri, iazko ekainean estreinatu zuten. Epaimahaiaren arabera, lan poetikoa eta zirragarria da, eta irudi eta soinu ikusgarritasun handikoa. Gainera, epaimahaiaren ustez, gaztaroa eta zahartzaroaren arteko desberdintasunak oso era egokian azaltzen ditu, eta ikuslea erabat harrapatzea lortzen du. “Maitasunaz hitz egitea ez da erraza. Oso gai erabilia da eta Garbiñe arriskatu egin zen. Gu, aktore bezala, oso biluzik gaude taula gainean”, azaldu du Dorleta Urretabizkaiak. Sarituek azaldu dutenez, Aurora da antzezlaneko protagonista, Alzheimerra duen emakume bat, eta Ane Gabarain sartzen da haren larruan. “Bereziki Aneren lana izugarria da, bera da protagonista”, aipatu du Sara Cozarrek.
Sari ematerako gonbidapenak lor daitezke
Sari ematea martxoaren 27an izango da, 20:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian, Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Hala, saria jaso ostean, antzezlan saritua eskainiko dute. Ikuskizunerako gonbidapenak Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan egongo dira eskuragarri, martxoaren 23tik aurrera.


