Mojo Workin' jaialdiak dantzan jarriko ditu musika zaleak
Hilaren 17tik 20ra musika beltzez bustiko du hiria.
Musika afroamerikarraren Mojo Workin´ jaialdiak aurten pauso handi bat eman duela adierazi dute antolatzaileek. Babes handia lortu du: Kutxa Kultur, Donostia Kultura, Donostia 2016, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pasaia Musical Fundazioarena. “Mojo Workin’-aren ibilbidean aurrerapauso handia izan da aurtengoa, hiriko eta lurraldeko kultur agente handi guztiek begi onez ikusi baitute jaialdia eta pausu bat aurrera eman baitute lagunduz”, adierazi du Jokin Arizmendi Gure Gauza kultur elkarteko kideak. Elkarte honek antolatu du jaialdia, hasieratik.
Hitz beretsuekin azaldu du kontua bere kide Arkaitz Kortabitartek: “Aurreko hiru edizioetan sarrera guztiak saldu ostean, aurtengo bultzada kulturalarekin oso-oso gustura gaude, honek argi erakusten baitu kultur agenteek proiektua baloratzen dutela eta mimatu, bultzatu eta lagundu nahi dutela. Asko eskertzen dugu dena. Laguntza hauek bultzada handia izan dira jaialdiarentzat, eta, zalantzarik gabe, hurrengo urteotarako biziraupena ziurtatzen dute; orain bai esan dezakegula Mojo Workin´iragana, oraina eta etorkizuna dela”.
Jaialdirako abonamenduak jada salgai daude Gure Gauza elkartearen webgunean eta sarrera solteak Kutxaren webgunean eta Donostia Kulturaren salmenta-guneetan daude eskuragarri – abonamenduak 35 eurotan daude salgai, eta sarrera solteak 20 eurotan-. “Aurreko edizioetan gertatu zena ez errepikatzeko, sarrerak ahalik eta lasterren erosteko deia egiten diogu jendeari. Jende askok azken unera arte itxaron baitzuen aurrekoetan, eta, azkenean, sarrerarik gabe geratu, bi aste lehenago agortu baitziren”, adierazi dute arrakastarengatik eskerrak ere emanez.
New Orleansko musikari eskainitako gaua
Hilaren 17an, ostegun gauez, New Orleansko doinuak ekarriko dituzte Dabadaba aretora. Paul San Martin eta Guitar Lightnin’ Lee & His Thunder Band zuzenean ariko dira Egiako aretoan. Jaialdiaren lehen erritmo beltzak ekarriko dituzte.
Ostiralean, gauerako giroa berotzen hasiko dira Eiger tabernan, 17:00etan, hainbat Djren saioekin. Ondoren, gauean, Gazteszenan, The Flirtations eta Darrow Fletcher taldeen txanda izango da.
Larunbat eguerdian, hilaren 19an, ustekabeko kontzertu bat izango da Tabakalerako Kutxa Kultur gunean. DJak ere izango dira. 12:00etan elkartuko dira. Larunbat arratsaldean berriz Eigerren elkartuko dira, eta ondoren Gazteszenan Mitch Ryder eta William Prince of The Precisions taldeak ariko dira zuzenean.


