Lilatoian hutsik egiten ez duten horietako batzuk bihurtu dira jada Hitza Taldeko kideak. Haietako birekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak: Marixol Agirre eta Mertxe Ibeas egiatarrekin.

Marixol Agirre eta Mertxe Ibeas. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Datorren igandean, milaka emakume ibiliko dira hiriaren erdialdeko kaleetan barrena korrika egiten, parekidetasunaren aldeko aldarria zabaltzeko. Zapatilak jantziko dituzten horietako bi izango dira Marixol Agirre eta Mertxe Ibeas. Egiako bizilagunak dira eta Hitza Taldearen izenean hartuko dute parte, beste 30 lagun ingururekin batera. Lehenak zazpigarren urtea beteko du taldean; bigarrenak, bat gutxiago. Bi korrikalariekin egon da Irutxuloko Hitza, euren sentimenduen berri izateko: «Momentu hunkigarriak egoten dira ibilbidean, eta euforia handiko eguna da. Kanpotik ere asko aritzen zaizkigu animatzen, eta asko eskertzen dugu», dio Agirrek. «Barrutik indar hori nabari da; zerbait konpartitzen dugu guztion artean», aipatu du Ibeasek.
Lehen aldiz lasterketa egin, eta segituan ingurukoei ere animatzeko esan ziela gogoratu du Agirrek: «Ez naiz gogoratzen noiz irten nintzen lehen aldiz, baina inguruan zabaldu nuen, zein ongi pasa genuen, emakumeek batera egiten genuen zerbait zela, kirola egiteko aitzakia bat zela, eta lagun gehiago animatu ziren». Ibeas, berriz, korrikalari ohia da, baina urteetan ez zuen Lilatoirik egin: «Lehenengo urteetan parte hartu nuen, askoz gazteagoa nintzela. Gero, urte asko igaro ostean, itzuli nintzen; konturatu ginen gai ginela egiteko, uste baino errazago gainera».
Auzotarren eta lankideen artean hasi ziren taldea osatzen, eta helburua argi dute: aldarrikapena. «Gizarteari azaldu behar zaio halako egunak behin eta berriro egitearen beharra dugula», dio Agirrek; «emakumeok dugun indarra adierazten dugu», gehitu du Ibeasek. Kirol mailari dagokionez, ez dute helburutzat jartzen denbora on bat egitea, gustora aritzea baizik. «Normalean elkarrekin joaten gara, eta batenbat aurreratzen bada, edo atzeratzen bada, helmuga elkarrekin gurutzatzeko itxaroten dugu hiru lagunek».
Euskara ere babestu beharreko aldarrikapen bat dela ikusten dute Egiako lagunek, hortik, Hitza Taldeko kide izatearena: «Hizkuntzaren transmisioan ere erantzukizuna dugu emakumeok. Gainera, taldean ateratzeak giroa sortzen du gure artean», dio Agirre.
Ez da egun bateko kontua
Biek ere argi dute aldarrikapena eta korrika saioa ez direla egun bateko kontua. Izan ere, Lilatoiaren eta Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren aitzakiarekin, egun gehiagotan elkartzen dira lagunak. «Lehenago hasten dugu harremana; ea izena eman dugun, kafe bat hartu, entrenatzeko geratu…», gogoratu dute. Gainera, egunaren bueltan elkarrizketa sakonak izaten dituztela dio Agirrek: «Hitz egin ohi izan dugu barruan dauden emakumeez, amak diren eta ez direnetaz…».
Lilatoiaren egunari berari dagokionez, badituzte euren errituak: Gosaltzeko geratzen dira, beroketa egiten dute, aerobic saioan parte hartzen dute, lasterketaren ostean trago bat hartzen dute lagunekin, argazkiak egiten dituzte familiakoekin… «Egun polita izaten da orokorrean, eta aurrekari bat izaten da Martxoaren 8rako».
Ibeasek badu arantzatxo bat; bi alaba izan eta ez batak ez besteak ez duela Lilatoian parte harten: «Ez zaie korrika egitea gustatzen, eta amorrua ematen dit». Edonola, argi dute belaunaldi berriak badatozela aldarrikapenera.
Donostiako Atletikori gauza bakarra eskatzen diote: Lilatoiaren espiritua ez aldatzeko. «Lilatoi taldekoek mimo handiarekin antolatzen zuten dena, eta berdin jarraitzea nahi dugu», dio kezkatuta Ibeasek. Izan ere, ez du begi onez ikusten lasterketaren ordubeteko aurrerapena, udaleko Mugikortasun sailak hala erabakita.
Partaide kopuruari dagokionean, berriz, pozik daudela dio Agirrek: «Esanguratsua da, adin, kolore eta ideologia desberdinekoek bat egiten dugu. Beste modu bateko aniztasuna da».
Sekula baino emakume gehiagok aldarrikatuko dute parekidetasuna
Lilatoiko partaidetza muga 5.000 lagunetara igo du Donostiako Atletikok, hazten jarraitzeko asmoz. Emakumearen egunaren harira, hainbat jarduera egingo dituzte hirian.

Iazko Lilatoiko irudia. (Argazkia: Eneritz Arrillaga)
Donostiako Atletikok hartu zuen iaz Lilatoia antolatzearen ardura, Lilaton Taldeak lekukoa eman ostean. Lasterketa handitzen ari zen, eta eurentzat lan handiegia zela esan zuten. Bide beretik jarraitu du emakumeen lasterketak, eta, aurten, 5.000 partaide bilduko ditu. «Izen emate epea bi egun lehenago itxi behar izan genuen», azaldu du Atletikoko Edurne Martinez de Treviñok. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren bueltan izaten da beti Lilatoia, eta 27. ekitaldia etzi izango da, 10:00etan. Sekula baino partaide gehiago izango ditu Lilatoiak; 5.000, hain zuzen ere. Mugarik jarri ez balute, 6.000 lagunetara erraz iritsiko liratekeela uste du Atletikoko kideak.
Gainera, hazten jarraitzeko asmoa dutela ziurtatu du: «Ikusiko dugu aurtengo lasterketak nola jasotzen dituen hainbeste partaide, eta erabakiko dugu zer egin datozen urteetan; kalitatea mantendu nahi dugu». Edonola, betiko moduan, bost kilometroko ibilbidea izango du igandeko lasterketak, eta gizon eta emakumeen parekidetasunaren aldeko aldarria zabalduko du hiriko erdialdeko kaleetan.
Lilatoiko partaideak gutxitan dira norbanakoak; izan ere, taldean ematen dute izena korrikalariek. «Partaide kopuru gehien dituzten taldeak sarituko ditugu aurten; horietako bat, esaterako, Bergaratik etorritako 100 lagun baino gehiagoko taldea da, Kilometroak jaiko arduradunak». Atletikoko emakumezkoen sofbol taldea ere omenduko dute; Ohorezko Mailako Ligako txapeldunak izan ziren iaz, eta Kopan bigarren postuan geratu ziren.
Orain arte, beti, 11:00etan izan da irteera ordua. Igandean, ordea, udaleko Mugikortasun sailak hala erabakita, ordubete lehenago hasiko da. Hala, lehen aldiz, 10:00etan irtengo dira korrikalariak, eta Atletikok argi utzi nahi izan du ez dela euren erabakia izan aldaketarena. Hori bai, beti bezala, aero-zumba saioa egingo dute Bulebarrean, lasterketa baino orduerdi lehenago; eta, lasterketan barrena triki txita eta batukada arituko dira giroa alaitzen. Gainera, behin lasterketa bukatuta, Lila-potea egiteko aukera egongo da Parte Zaharreko Eiger, Rekalde eta Herria tabernetan.
Manifestazioa eta gehiago
Urtero legez, martxoaren 8an, 19:00etan, manifestazio bat irtengo da Bulebarretik. Horretaz gain, egun horretan, udal taldeen ordezkariek adierazpen bat irakurriko dute hezkuntza ez-sexista baten alde eginez, besteak beste.
Gainera, egun horren bueltan, hainbat jarduera antolatu dituzte hiriko hainbat elkartek; Gehitu eta Lagunak elkarteak, esaterako.