Lau urte beharko dituzte hirigintza proiektu osoa gauzatzeko; babes ofizialeko 829 etxebizitza, plaza nagusi bat eta Urumeako ibai parkea eraikiko dituzte

Txomin Enean aurreikusitako ibai parkea. (Argazkia: Donostiako Udala)
Txomin Eneako bizilagunekin bilera egin dute udal gobernuko ordezkariek eta hirigintza proiektuko arduradunek, udaletxean. Urtarrilaren 15ean sinatu zuten kontratua eraikuntza enpresekin, eta izapideekin ari dira orain lanekin lehenbailehen hasteko. Obren arduradunek jakinarazi dutenez, maiatzean ekingo diete lehen etxebizitzak eraikitzeko lanei.
Lehen faseko lehen zatian, 460 etxebizitza egingo dituzte; horietatik 95, etxez aldatu zituzten bizilagunei zuzenduta. Era berean, 32 etxebizitza tasatu, babes ofizialeko 162 eta 171 etxebizitza libre egingo dituzte. 2018. urteko maiatzerako espero dute bizilagunei zuzendutako 95 etxebizitzak eraikita egotea, eta besteak hilabete geroago.
Proiektuak, baina, 1.341 etxebizitza aurreikusten ditu guztira, bigarren fase bat ere egongo baita. Orotara, babes ofizialeko 829 etxebizitza egingo dituzte, plaza nagusi bat eraikiko dute eta Urumeako ibai parkea egokituko dute, interpretazio zentro batekin.
Eneko Goia alkatearen hitzetan, «albiste ona da, tunelaren bukaeran argia ikusten hasiak garelako; albiste txarra, berriz, oraindik gutxienez 45 hilabete itxaron behar ditugula hirigintza proiektu osoa errealitate izateko». Denbora horretan guztian bizilagunekin harreman zuzena izango dutela nabarmendu du.
Honen harira, proiektuko arduradunek esan dute apirilaren bukaeran elkartuko direla bizilagunekin, obren kalte eta gorabeherei buruz hitz egiteko.
Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek auzotarrak lasai egon daitezkeela adierazi du, «dena ondo egiten ari garelako», legegintzaldi hasieran izandako «ezustea» gaindituta. Hain zuzen ere, epai batek Txomin Eneako lanak gelditzera behartu zuen udala, «baina akordio batera iritsi ginen eta egoera desblokeatu genuen», azaldu du Goiak. Hortaz, Ramosek berretsi du bide onean doala proiektua, «baina diru asko da, etxebizitza asko dira, eta horrek guztiak izapide batzuk eskatzen ditu». Hortaz, auzotarren «pazientzia» eskertu du, lanak fisikoki oraindik hasi ez dituztelako.
Uholdeak gogoan
Hirigintza proiektuaren aurkezpena albiste ona izan arren bizilagunentzat, udaletxean egindako bileran euren kezka azaldu zuten, denbora asko daramatelako proiektua noiz gauzatuko zain.
Iragana hurbila ez dute ahaztu Morlansera etxez aldatu zituzten auzotarrek, oraindik oso presente baitituzte urteotan pairatutako uholdeak eta ezinegona. Txomin Eneara itzuliko dira etxebizitzak eraikitzen dituztenean, baina etxez aldatu zituztenetik berreskuratutako lasaitasuna galduko ote duten beldur dira, Irutxuloko Hitzari esandakoaren arabera.
Hala azaldu du Maria Paz Diaz Otaño auzotarrak: «Ni ez nintzateke Txominera itzuliko, eta uste dut gainontzeko bizilagunak ere ez; oso gaizki pasatu dugu uholdeekin. Egun ikaragarriak pasa ditugu».
Duela bi urte etxez aldatu zuten: «Morlansen oso pozik nago, bai etxebizitzarekin eta baita auzoarekin ere. Ez nuke utziko, baina ulertzen dut behin behineko egoeran gaudela, etxe hauek ostatu emateko utzi dizkigutelako».

Txomin Enean eraikiko dituzten etxebizitzak. (Argazkia: Donostiako Udala)