Txostenaren arabera, delitu kopuruak %5,26 egin du behera 2014. urtearekin alderatuta. Ondasunen aurkakoak dira salaketa gehienak; lapurretak eta iruzurrak, batez ere

Urgullen iaz gertatutako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea, Bretxan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Iazko delitu eta arau-hausteen datuak aurkeztu ditu udalak, Herri Segurtasun eta Babeserako zinegotzi Martin Ibaberen bitartez. Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga, Donostiako Udaltzaingoaren buru Mikel Santamaria eta Donostiako Ertzain-etxeko buru Patxi Ardanaz izan ziren udal gobernuko ordezkariaren ondoan, astelehenean egindako agerraldian.
2012. urtetik 2013. urtera delitu kopurua hazi egin zela gogoratu eta gero, ordutik hona
beheranzko joerari eutsi diotela nabarmendu dute. Joerak joera, iazko txostenak datu kezkagarriak utzi ditu, 2014. urtearekin alderatuta egoerak hobera egin duela dirudien arren. Hain zuzen ere,
sexu erasoek bere horretan jarraitzen dute hirian: 18 sexu eraso zenbatu zituzten, 2015. urtean. 33 sexu eraso jaso zituzten 2014. urtean, ia bikoitza, baina sexu eraso bakar bat dagoen bitartean ezin da irakurketa baikorrik egin.
Sexu askatasunaren aurkako “beste infrakzio batzuk” aipatzen ditu txostenak, zein motatako delituak diren zehaztu gabe. Kasu honetan, 25 zenbatu zituzten iaz eta 16, duela bi urte.
Familia arloan izandako tratu txarrei dagokienez, 304 zenbatu zituzten iaz eta 398, 2014. urtean.
Ia 12.000 delitu
Datu orokorrak kontutan hartuta, 2015. urteko memoriaren arabera,
11.960 delitu egin ziren iaz eta 12.624, duela bi urte; hortaz, kopuruak %5,26 egin du behera.
Horietatik
gehienak ondasunen aurkako delituak dira oraindik ere; lapurreta txikiak, lapurretak eta iruzurrak, hain justu. Azken hauei dagokienez, internet bidez egindako erosketak nabarmendu dituzte, gero eta gehiago baitira sarean erosi eta iristen ez diren produktuak: 430, iaz; 369, 2014an.
Etxebizitzetan egindako lapurretek, berriz, behera egin dute; garaje, trasteleku edo biltegietan egindakoak, batez ere. Izan ere, Josu Zubiagak azaldu duenez, goranzko joerarekin kezkatuta, 2014an prebentzio lan berezi bat egiten hasi ziren eremu honetan, eta neurri horien emaitzak jasotzen ari dira orain.
Lapurreta gehienak opor garaian gertatzen dira; udan, batez ere. Aurre egitea zaila dela onartu du Zubiagak, baina “kontzientziazio” lanean ari direla esan du.
Bestalde, iaz bi hilketa izan ziren. Gertaera hauek ez direla ohikoak azaldu dute, eta ustezko bi hiltzaileak atxilotu zituztela azpimarratu dute.
Martin Ibaberen esanetan, “Donostia gero eta hiri seguruagoa da”, baina arau-hauste guztiekin amaitu arte lanean jarraituko dutela esan du. Hala, poliziaren eta erakundeen arteko “prebentzio, planifikazio eta koordinazioa lana” ezinbestekotzak jo du.
Aurten, hiriburutza dela eta, lan horretan “ahalegin berezia” egiten ari direla adierazi dute. Udaltzaingoa eta Ertzaintza ekintza-plan bateratuak burutzen ari dira, “segurtasun maila handiagotzeko”. Hala, lapurretak saihesteko plana, indarkeria saihesteko plana gaueko aisialdi guneetan edo sexu erasoak saihesteko plana nabarmendu dituzte. Martxoan, etxebizitzetako eta gaueko lapurreten aurkako planak jarriko dituzte abian.
Zubietan hirukoiztu egin da delitu kopurua
Delitu kopurua jaitsi egin da auzo gehienetan, baina zenbakiek gora egin dute zenbait auzotan: Zubietan 43 delitu zenbatu zituzten iaz (14, 2014an); Miramonen, 88 (53); Altza-Herreran, 900 (826); Igeldon, 54 (40); eta Bidebietan, 277 (238).
Gainontzeko auzoetan jaitsi egin da kopurua: Parte Zaharrean 1.690 delitu zenbatu zituzten iaz (1.858, 2014an); Erdialdean, 2.314 (2.496); Aieten, 327 (432); Amaran, 1.130 (1.295); Antiguan, 688 (724); Añorgan, 109 (204); Ulian, 224 (255); Egian, 583 (665); Grosen, 1.235 (1.497); Ibaetan, 246 (260); Intxaurrondon, 597 (612); Loiolan, 282 (457); eta Martutenen, 122 (197).