Hiriko natur eremuak ezagutzen
Gipuzkoako Eskolarteko Ibilaldi Neurtua egin dute asteburuan Egian.
Mendiko irteerak antolatzen esperientzia handia du Egiako Aitzarte mendi taldeak, baina oraingoan ez du urrutira joan beharrik izan. Izan ere, Gipuzkoako Eskolarteko Ibilaldi Neurtuetariko bat antolatzea egokitu zitzaion atzo. Eskola Kirolean parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleentzako antolatzen den jarduera da hau, eta Gipuzkoako hainbat herritan egiten da egun berean. Atzo, Lezo, Zestoa, Antzuola, Urretxu eta Donostian egin zuten mendi ibilaldia.
Hala, Aitzarte mendi taldeko kideek hiriko natur guneak ezagutarazteko baliatu zuten aukera. Nagikeriak utzi eta goizeko 9:00etan abiatu ziren Egiako Plaza Haunditik. Handik Ametzagaina parkera; gero, Lauaizeta parkera, Martutene, Loiolako ibai-ertza igaro, Kristina-Enea parkea ezagutu eta berriro Plaza Haundin amaitu zuten txangoa.
Bi luzeratako ibilbideak mugatu zituzten: bata luzea, 14 kilometrokoa; eta motza, 10 kilometrokoa.
Aurreikusitakoa baina partaide gutxiago izan zituzten oraingoan: 126 ume eta 18 heldu. Dena dela, antolatzaileak pozik daude, eguraldia lagun, egun bikaina igaro zutelako. Aitor ikastola, Lauaizeta DBHI, Maria Reina ikastetxea, Herri Ametsa, Zurriola ikastola, Mari Auxiliadora-Salesianos eta Jakintza ikastolak hartu zuten parte Donostiatik, eta baita Tolosako Laskurain ikastolak eta Usurbilgo Udarregi ikastolak ere.
Eguerdian iritsi ziren parte hartzaileak helmugara, eta indarberritzeko txorizo egosi ogitarteko bat eskaini zitzaien haur eta laguntzaile guztiei.





