Donostiarren esku-eskura
Kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin zuen Saretuz sareak duela lauzpabost urte; donostiarrei era kontzientean non erosi dezaketen azaldu die orain, mapa interaktibo batean.
Zabaltzea, helburu
Saretuz Sarea osatzen duten erakunde eta entitateen artean partaidetza moduan osatu dituzte kontsumo arduratsua definitzeko zortzi irizpide: artisautza, berrerabilpena, bertakoa, ekologikoa, ekonomia solidarioa, bidezko merkataritza, publikoa eta guztiak barneratuz, berdintasuna. Aurrerago, irizpide gehiago sartzeko asmoa dute. Hala, momentu honetan 35 gune inguruk osatzen dute mapa, baina partaidetzatik mapa handiagoa izatea nahi dute. Horregatik, proposamenak edozein unetan sar daitezke eta komunitate horretako kide izan daitezke, irizpide eta baldintzetako bat betetzen badu. Horretaz gain, harpidetza egin eta mapan agertu nahi duen edozein pertsonak aplikazioan sartu ahal izango du, eta eskatzen dituzten irizpideen informazioa ikusi. Saretuz osatzen duten erakundeak honakoak dira: Mugarik Gabe, Emaus Gizarte Fundazioa Taldea, Gabiltza, Mugarik Gabeko Albaitariak, Donostiako Bidezko Merkataritza taldea, Mugarik Gabeko Ekonomialariak-Economistas Sin Fronteras, AntiguaOtarrak, Calcuta Ondoan, Cristina Enea Fundazioa, Fiare Banka Etikoa, Ximaurpila, Banda Bat, Eco-design eta Goiener.Idurre Zuazagasti; Saretuz-eko kidea: «Etorkizunean gehituko ditugu energia, parte hartzea eta hezkuntza» Momentu honetan, hiriko hamalau eragilek osatzen dute Saretuz, eta lauzpabost urte daramatzate lenean. Hirian kontsumo arduratsua lantzen dute, hainbat arlotan. Saretuz-eko dinamizatzaile Idurre Zuazagastirekin egon da IRUTXULOKO HITZA. Kontsumo arduratsua izateak zertan datza? Egunero-egunero kontsumitzen dugu, ohikoenetik, elikagaiak, arropa eta teknologia berriak; baita asialdia eta kulturara, besteak beste. Hori guztia ahalik eta era arduratsuenean eta kontzienteenean egitea bilatzen dugu. Azkenean, hainbat irizpidetan oinarrituz, gure bizitza arduratsua egin nahi dugu. Nola gauzatzen da? Urteak daramatzagu kontsumo arduratsua definitzen, irizpideen bidez. Momentu honetan zortzi bildu ditugu, eta etorkizunean gehiago sartzen joatea da gure asmoa. Epe motzean kulturari begira ere ari gara lanean, eta, etorkizunean gehituko ditugu energia, parte hartzea eta hezkuntza. Orain arte zer egin duzue? Bi lanketa egiten ditugu. Batetik, barne lanketa, sareko eragileen artean elkar ezagutza; arlo desberdinetako taldeak gara, eta gure artean saretze lan bat egiten dugu. Bestetik, herritarrei begira, hainbat tresna eta baliabide landu ditugu. Duela urte batzuk aurkeztu genuen administrazioari begira txosten bat, kontsumo arduratsuari buruz; eta oraingo mapa, bereziki donostiarrei begira sortu dugu. Mapa interaktibo eta kolaboratibo bat da, herritarrek kontsumo arduratsua egin dezaten egunerokoan. Nolatan sortu zitzaizuen maparen ideia? Bi urteko prozesua izan da. Esan bezala, sarean guztion artean ezarri ditugu irizpideak, eta ideia guztion artean gauzatu dugu. Gainera, aplikazioa bera ere bertakoaren irizpidea jarraituz landu dugu, Donostian bertan garatu dugu, bertako jardueren bidez. Zeintzuk dira mapan agertzeko baldintzak? Bertan agertzeko baldintza batzuk jarri ditugu. Aurretik aipatutako irizpide horietako bat bete beharko dute, euren zerbitzuaren %50 gutxienez, Bertako produktuez ari bagara, dendako produktuen %50 izan behar da gutxienez bertakoa. Zer egin behar da mapan agertzeko? Mapa parte hartzailea da, eta gutxinaka puntuz bete nahi dugu. Horretarako, bi bide daude; zu zeu denda edo eragile bat bazara eta kontsumo arduratsuan bazabiltza, gehitu zaitezke. Bestela, herritar gisa bertan egon beharreko mugimenduren bat ezagutzen baduzu, batu dezakezu. Webgunean bertan inkesta bat dago proposamenak bidaltzeko, ondoren, Saretuz-eko kideok egiaztatzen dugu, eta egokia bada, mapara gehituko litzateke. Dagoeneko gehitutako kideek badute zerbait identifikagarria? Bai. Behin mapan kokatuta, eragile horiei guztiei pegatina bat emango diegu, zigilu gisa, mapan Saretuz-eko kide direla identifikatzeko.



