Donostia Kriterium lasterketa bueltan da
Uztailaren 2an egingo dute, Saguesen.
Piñoi finkoko bizikleta gaineko ikuskizun ederra itzuliko da aurten Donostiara. Donostia Kriterium lasterketa berreskuratuko dute aurten; uztailaren 2an egingo dute. Hiribira elkarteak duela bi urte egin zuen lehen aldiz, eta atseden labur baten ondoren, berriz lanean hasi da, bigarrena egiteko.
Aurten ere Sagues eta Gros inguruan egingo dute. Beharbada aldaketa txiki batzuk izango ditu zirkuituak, baina antzekoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Duela bi urte, Jose Migel Barandiaran pasealekua, Zurriola etorbidea eta Nafarroa hiribidean zehar ibili ziren parte hartzaileak.
Emakumeen parte hartzea bultzatu nahi dute, eta emakumezko parte hartzaile talde bat osatzen badute, bi lasterketa egiteko asmoa dute: bata, gizonezkoentzat, eta bestea, emakumezkoentzat. Emakume gutxik ematen badute izena, gizonekin batera lehiatzeko aukera ere eskainiko diete.
80ko hamarkadan Donostiako Klasikoarekin batera Gaueko Txirrindularitza Kriteriuma antolatzen zen Bulebarrean. HiriBira elkarteak profesional eta amateurrak elkartzen zituen lasterketa honen espiritua berreskuratzeko asmoz sortu zuen Donostia Kriterium lasterketa.
Apirilean lasterketari buruzko xehetasun gehiago emango ditu Hiribira Elkarteak.