Altamirako kobazuloa bertatik bertara ezagutzeko aukera dago, Donostian

Errealitate birtualeko bisitak antolatu ditu Eureka! Zientzia Museoak, apirilaren 10a arte.

Altamira

Altamirako kobazuloaren irudia. (Argazkia: http://museodealtamira.mcu.es)

Altamirako kobazuloa errealitate birtualean ikusteko aukera dago jada, lehen aldiz, Donostian bertan. Izan ere, Eureka! Zientzia Museoak bisitak antolatuko ditu, apirilaren 1etik 10era (apirilaren 4an, ez), 11:00etatik 19:00etara. Morena Filmsek egin du aplikazioa Samsung Gear VR-erako. Hala, erabiltzaileak aukera du Altamirako kobazuloa ikusteko eta laugarren aroko pinturak miresteko, errealitate birtualeko teknologia modernoenaren bidez, betaurreko bereziekin. Altamira VR aplikazioari esker, bisitariek ikusiko dute nola sartu zen Maria Sanz de Sautuola Altamirako kobazuloan, eta pinturak nola topatu zituen, bertatik bertara. “Gozatu 3Dko esperientzia berritzaile honekin, eta Mariari lagundu une magiko horretan”, diote Eurekako lagunek.

Benetako gertaeretan oinarritutako Altamira filma da jatorria

Esperientziaren jatorria Altamira pelikula da, eta apirilaren 1ean bertan estreinatuko da. Antonio Banderas eta Golshifteh Farahani dira protagonistak, Hugh Hudsonen zuzendaritzapean, eta Mark Knopflerren musikarekin. Morena Films bera da filma ekoizteaz arduratu dena. Bertan kontatzen du 1878an bizitakoa Maria Sanz de Sautuola 9 urteko neskatilak eta haren aita Marcelinok. Hain zuzen ere, Santanderreko muino berdeetan eta tontor harritsuetan, kobazuloa nola topatu zuten. Aurkikuntzak zeharo nahastuko du Mariaren ama, Conchita atsegin eta jainkozalea, baina, ez bera bakarrik. Eliza Katolikoaren ustez pinturak historia aurreko “basatien” lana direla esatea irain egitea da bibliari. Gainera, zientzia-komunitateak ere iruzur egitea leporatuko dio Mercelinori.
HITZAkide HITZAkide