Arraunlariek eskerrak eman dizkiete bi laguntzaileei, danborrada eta guzti, ETB1eko 'Asko Maite zaitut' saioaren bidez.
Migeltxo eta Manolo, Zuhaitz Gurrutxagarekin. (Argazkia: eitb.eus)
Donostiarra arraun elkarteko zuzendaritzako kideak dira Manolo Berasategi eta Migeltxo Iturrioz. Klubeko kideentzat, ordea, arraunlarientzat bereziki, hori baino askoz gehiago dira. Hori dela eta, euren eguneroko lana eskertu diete arraunlariek Manolo eta Migeltxori, ETB1eko
Asko maite zaitut saioaren bidez. Iturrioz Lasartekoa da, arotza lanbidez; Berasategi, berriz, donostiarra da, eta elektrizista. Biek ere ordu asko eskaintzen dizkiote klubari eta arraunlariei, musutruk. Omenaldiaren barnean, arraunen artean igaro dira bi lagunak, eta danborrada bat zuzentzen ere jarri dituzte.
Traineruak prestatzen dituzte Manolo eta Migeltxok, arratsaldero, entrenamenduak hasi aurretik, beti daude lanerako prest, eta sekula esperoko ez luketen omenaldia jaso dute. Betaurreko kamerak soinean hartuta joan zen Zuhaitz Gurrutxaga Donostiarraren Trintxerpeko egoitzara, eta han ezagutu zituen Manolo eta Migeltxo. Euren txokoa erakutsi zioten bi langileek, grabatzen ari zirela jakin gabe. Unai Elizasu eta Jon Sardon arraunlariek eskertu zieten euren lana, talde osoaren izenean, eta bi kideen senitarteko eta lagunen babesa izango dute horretarako.
“Asko maite zaituztegu” esan diete lagun gehiagori
Migeltxo eta Manolo, danborrariak zuzentzen, Donostiako kaian. (Argazkia: eitb.eus)
Sare sozialen bidez, Donostiarrak eskerrak eman dizkio
Asko maite zaitut saioari, omenaldia burutzen laguntzegatik. Gainera, arraunlarien izenean, Migeltxo eta Manoloz gain, “asko maite zaituztegu” esan diete Alberto, Fermin, Joseba, Juan Mari, Juan, Alberto eta gainontzekoei.
Beheko loturetan ikus daiteke telebista saioa:
Saioaren lehen zatia,
saioaren bigarren zatia,
saioaren hirugarren zatia.