Hainbat kulturgilek euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko trenarekin bat egingo dute
Apirilaren 16an presoen sakabanaketaren aurkako ekitaldia egingo dute Parte Zaharrean.
Joan den asteburuan euskal presoak Euskal Herriratzea eskatzeko, lau mendi martxa egiten zituzten, Sare-k antolatuta. Txindokira joan ziren gipuzkoarrak, Anbotora bizkaitarrak, Gorbeiara arabarrak eta Beriainera nafarrak. Sare-k abian jarri du euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko trena, eta jada iragarri du zein izango den hurerngo ekitaldia.
Donostian kulturgintzako bagoia osatuko dute apirilaren 16an, larunbata. Parte Zaharreko Kresala elkartean elkartuko dira, 14:00etan. Kantu bazkaria egingo dute. Txartelak salgai daude Kresalan, Herrian, Rekalden, Trikun, Katan eta Bukowskin. Aurretik, 10 euroan izango dira salgai; egunean bertan, 12 euroan.
Ondoren kultur kalejira musikatua hasiko dute 17:00etan. Liher, Unai Pelax eta Iker Lauroba ariko dira zuzenean jotzen. Magia ikuskizun bat ere izango da, baita bertsoak eta umore bakarrizketak ere. Zuloaga plazan dantza herrikoiak dantzatuko dituzte 17:30ak eta 19:30ak bitartean.
Ekitaldi nagusia Konstituzio plazan egingo dute, 20:00etan. Gauean Guardetxean elkartuko dira, 22:00etatik aurrera. Physis Vs Pelax, Burun Danga, Lauroba, Olatz Salvador, Xabi San Sebastian eta beste asko ariko dira zuzenean jotzen.
Maiatzaren 14an eta 15ean ere ekitaldiak egingo ditu Sarek, sakabanaketaren aurka.